EHUko 30 ikasle epaituko dituzte bihar, abenduan errektoretza okupatzeagatik
GARA |
EHUko errektoretzarako hauteskunde kanpainaren baitan, joan den abenduaren 2an hogeita hamar ikaslek okupazio baketsua burutu zuten Leioako campuseko errektoretzan ikasleen eskubideak aldarrikatzeko. Bihar, okupazio horretan parte hartu zuten 30 ikasleak epaituko dituzte Bilbon. EHUko Ikasle Kontseilu Zentralak babesa adierazi die ikasle horiei eta campus guztietan «segurtasun indar eta kamerak kentzeko eskaera» egin dio Iñaki Goirizelaia errektoreari.
EHUko klaustroa biltzekoa zen egunean, Bologna Planaren aurka itxialdia egin zuten joan den abenduaren 2an unibertsitateko 30 ikaslek. Hori dela eta, klaustroaren bilkura lekuz aldatu eta Portugaleten egin zuten azkenik. Hala ere, Ertzaintzak ikasleen hitza errespetatzea galdegiten zuten 3o gazteak indarrez kanporatu zituen. Ertzaintzaren esku-hartze horren ondorioz, bihar epaituko dituzte ikasle horiek guztiak.
Babes osoa
Ikasle Abertzaleak taldeak ez ezik -ikasleei elkartasuna adierazteko sinadura bilketa egin du-, EHUko Ikasle Kontseilu Zentralak ere babes osoa adierazi dio 30 ikasleei.
Gainera, «kanpus polizialik» ez dutela onartzen nabarmendu dute, eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreari eta bere errektoretza taldeari «aurrerantzean izango diren epaiketak bertan behera uzteko» eskatu diete. Horrez gain, ikasleei epaiketa salatzeko deia egin diete.