Herri urrats
Seaska cumple en Senpere 40 años creciendo con el euskara
«Haizea alde baita» leloak primeran adierazi zuen aurtengo bestaren izaera. Ekitaldi ofizialean kontent agertu ziren denak Seaskaren 40 urteengatik, akordioagatik eta aurki ikastola guztiak bilduko dituen kooperatibarengatik.
Maider IANTZI | SENPERE
Herri Urrats berezia izan da aurtengoa hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, Seaskak 40 urte bete ditu eta ibilbidearen balantzea eta aitzinera begirako asmoak agertu ditu. Bertzetik, Gobernu frantseseko Hezkuntza Nazionalarekin akordioa lortu du eta hainbeste kostatako hitzarmen hori mesedegarri izatea espero du. Eta, azkenik, Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko lehendakariak adierazi zuenez, Europako haizeak ere alde dituzte.
Larunbatean Europaren eguna izan zen, 50 urte bete dira parlamentua lehenbiziko aldiz bildu zenetik eta Europa sozialaren aldeko adierazpenak egin zituzten. «Euskaraz hitz egiten duten herritarren Europa diogu guk, euskara Europa da, herritarrena (...) Eta muga administratiboen gainetik Europa egitea zilegi da. Ikusteko dago zer egingo duen etorkizuneko [Lakuako] Jaurlaritzak, baina guk Europa egiten lagunduko diogu hori bada bere asmoa», azaldu zuen Tellituk. Ekainean europar kooperatiba bat sortuko dute, Euskal Herriko ikastola guztiak bilduko dituena. Elkarlan gehiago eta zerbitzuak trukatzea ekarriko du horrek.
Baina atzo Seaskaren eguna izan zen. Herri Urratseko kartelean arrautzatik salto egiten duen txoritxo bat ageri da. Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea dagoeneko ez da txoritxoa eta urte hauetan guztietan hazten joan da poliki-poliki. Ikasle gutxi batzuekin hasi ziren eta orain 2.500 dira (Ipar Euskal Herriko ikasleen %10 eta lehen mailako ikasleen herena baino gutxixeago). 22 ama eskola edo lehen maila daude, hiru kolegio eta lizeo bat. Aurtengo bestan bildutako diruarekin bertze ikastola bat eraiki nahi dute Bidarten, herritar batek utzitako lurretan, hain zuzen ere. Ortzaizekoa berritzeko ere erabiliko dute uzta.
Kontu horiek guztiak azaldu zituzten Ur Hegia etxeko ekitaldian eta horregatik ohi baino adierazpen luzeagoak egin zituzten. Lehen aipatutako Koldo Tellituz gain, han ziren Kontseiluko Xabier Mendiguren, Andres Urrutia euskaltzainburua, Senpereko auzapeza, Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Frantxua Maitia presidenteordea, bertze anitzen artean.
Miren Azkaratek hitz batzuk egin zituen, baina ez zuen agur erran nahi izan. «Euskaltzaindian, unibertsitatean, kalean aurkituko nauzue», agertu zuen Lakuako bozeramaile izandakoak. «Elkarrekiko errespetuz, Iparraldeak eta Hegoaldeak elkarri eskua emanda aurrera egin dezakegu herri honen alde», baieztatu zuen eta Max Brissoni pentsamendu ezberdinak izanda ere elkarrekin lan egiteko gai izan behar dutela ohartarazi zion. «Euskararen alde egiteko beti konta dezakezu nirekin», erran zion frantsesez.
Lanaren balantzea
Bideo emanaldi baten bidez Seaskaren 40 urteotako irudi esanguratsu batzuk erakutsi zituzten: gurasoak eta sustatzaileak agertzen ziren solasean, Argitxuren etxean eratutako ikastolaz, sortu zuten elkarteaz... «Liburu batzuk genituen, marrazkiak, euskara irakasten genuen inguruan genituen gauza guztiekin, loreekilan, harriekilan, paseatzera joaten ginenean», ekartzen zuten gogora. Lehenengo haurrak agertzen ziren, Ramuntxo guraso ohia Ipar Euskal Herrian ere euskara berpiztuko zela konfiantza hartzen nola hasi ziren azaltzen, Eñaut Larralde bulegoko kidea ikastolak ulertzeko sinestea behar dela erranez, Pantxoa eta Peio, Guk eta ikastolen inguruan sortutako bertze kantari eta musika taldeak...
Seaskako lehendakariak, Paxkal Indok, oroitarazi zuenez, urteetan aritu dira lanean, xuxen jakin gabe ongi ala gaizki ari ziren, egindakoak fruiturik emanen ote zuen. Baina orain, ikasle eta ikastola kopurua ikusita, ahaleginak zerbaiterako balio izan duela erran dezakete. Aurreko belaunaldiek bide onean lan egin zutela eta eurek lekukoa hartu eta jarraitu egin behar dutela erran zuen.
Horretarako, erakunde publikoen babesa behar dute. «Negoziazioak bururatu ditugu. Ez da erraza izan. Aturritik gora bizi diren jende horiek ez dira gu bezalakoak eta gauzak mila aldiz azaldu behar zaizkie konpreni ditzaten eta hala ere ez naiz segur konprenitu duten», aipatu eta entzuleen irribarrea eragin zuen. Irakasle postuez gain, gehiago ere lortu dutela azaldu zuen Indok. 1994an, elkarte kontratuak sinatu zituztenean, juridikoki eskola gisa aitortu zituzten ikastolak eta oraingo hitzarmenarekin ikastola gisa onartzea lortu dute. Bigarrenik, ikastola berriak irekitzeko prozedura abian jartzen du akordioak eta frantsesarekin eta matematikekin egin den bezala irakaskuntza eredu ezberdinetan euskararen kalitatea neurtzeko tresna bat izatea ere ahalbidetzen du.
Nahiz eta negoziaketak burutu, hainbat lan dute egiteko: libreki euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatzeko, lortutako hitzarmena itxura hutsean gera ez dadin, kostaldean ikastola berri bat eraikitzeko, lizeoa indartzeko, diru iturriak indartzeko... Eta ekinean jarraituko dutela berretsi zuen, Seaskak beti jakin izan baitu sasi guztien gainetik lan egiten.
Historiako azkenak?
Oraindik Ipar Euskal Herrian gelditzen diren hautetsiei ohartarazi zien oraindik badutela astia historian euskararen kontrako azken hautetsiak ez izateko. Ikastolen alde lanean ari direnei, aldiz, esker ona agertu zien.
Seaskak 40 urte ditu; Euskaltzaindiak, 90. Hortaz, Andres Urrutia euskaltzainburuak zorionak eman zizkion ikastolen elkarteari, zera argitzearekin batera: «Euskaltzaindia ez da zaharra, aspaldikoagoa baizik». Euskaltzaindiak baditu ekin eta jarrai hitzak, Ipar eta Hego Euskal Herriko programa bideratzen dutenak. Seaskak ere badu bere egitaraua eta bada elkartasunik bien artean. Urrutiaren arabera, hizkuntza da gure erroa, lelo nagusia.
«`Haizea alde baita' da Herri Urratsen leloa. Gaur, euria dugu alde. Baina inguruneko kontu horiek baino, euskara, euskal kultura, euskara sustatzeko gogoa ditugu alde. Zorionak Seaskari hitzarmena sinatuko duelako, lan instituzionala egingo du, horrek ez du baztertuko, ordea, borondatezko lana. Euskara bera da balore handikoa, sustatu beharrekoa. Brankan ditugu euria, euskara, haizea, eta aurrera jo behar dugu», bukatu zuen euskaltzainburu bilbotarrak.
Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteordeak hartu zuen hitza hurrena eta hark ere «goresmena» adierazi zion Seaskari. «Zuei esker lortu da kontzientzia orokor bat eta erraten ahal dugu euskara biziagoa dela», hasi zen azaltzen. Euskara biziko dela ziurtatu zuen Maitiak eta Euskararen Erakunde Publikoko presidentea, Max Brisson, agurtu zuen. «Nork erranen zuen halako indarra eginen zuenik euskararen alde!». Lakuako agintarien eta, bereziki, Miren Azkarateren lana ere eskertu zuen. «Akordio anitz egin ditugu, eurei esker gauza anitz hobetu ditugu. Mila esker, Miren».
Hala ere, bertako instituzioek euskararen egoeraren ardura osoki hartu behar dutela azpimarratu zuen: «Guri dagokigu euskararen egoera asumitzea, ez tronpa, ez dut erran nahi Euskadiren laguntzarik ez dugunik behar, baina euskararen geroa gure esku behar dugu osoki». Itxaropenezko gogoetak egin zituen inondik ere Maitiak eta zera aldarrikatuz eman zion bukaera mintzaldiari: «Euskara salbatuko dugu».
Azkenik, Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidentea mintzatu zen, baikor bera ere, aldeko haizearen eraginez-edo. Seaska beren hizkuntza politikako aktore garrantzitsua eta Euskal Herrirako beharrezkoa dela aitortu zuen, baita ikastolak umeentzat eta euskararentzat ezinbertzekoak direla ere.
Atzoko besta handian bildutako uzta Bidarten ikastola berri bat eraikitzeko eta Ortzaizekoa berritzeko erabiliko dute. Lapurdiko herriko ikastetxea herritar batek bere lurrak utzita eginen dute, hain zuzen.
Paxkal Indok azaldu zuenez, Parisekin lortutako akordioak irakasle postuak eta ikastolak sortzeaz gain, ikastola gisa onartzea eta irakaskuntza ereduetan euskararen kalitatea neurtzeko tresna bat sortzea dakar.
Miren Azkarate, Patxi Baztarrika eta Lakuako ordezkari izandako bertze batzuk ekitaldi ofizialean ziren, «euskararen lagun gisa» gonbidatu zituztelako. Gobernu berriko kiderik ez zen ageri, ordea. Hala ere, aitzinekoen bidea segitu beharko dutela baieztatu eta haiekin harremanak estutzeko asmoa agertu zuen Seaskak.