GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA | Senpereko giroa

Milaka lagunen haize ufada indartsua euskararen eta ikastolen alde

Hamaika argazki atera daitezke Senpereko aintziraren inguruan: sukaldariak paella erraldoi bat prestatzen ari dira; batukadak sabelean boom boom egin eta bestalariak animatzen ditu; gibelean, kartel bat dago jarrita euskarak Euskal Herri osoan ofiziala izan behar duela aldarrikatzeko. Leiho ttiki koloretsuz osatutako mosaiko bat da Herri Urrats.

p004_f01_111x111.jpg

Maider IANTZI

Aitor Sarasuak sortutako «Haizea alde baita» leloari jaramon eginez, Senpereko aintziraren inguruan elkartu diren milaka eta milaka herritarrek bultzadatxoa eman diote euskara irakasteko Seaskaren sareari. Horietako anitz Ipar Euskal Herriko jende gaztea da. Bezperan eta goizean euria egin duen arren, eguerdi partean eguraldia aldatu egin da eta eguzkiak goxotasunarekin lagundu dio ikastolen aldeko bestari, euskararen erakustaldi biziari.

Lau kilometroko zirkuituan ostatuak, lasai egoteko tokiak eta denetariko ikuskizunak eta jokoak daude prestatuta: antzerkia, dantza, musika, txotxongiloak, erakusketak, liburu eta diskoak saltzen dituzten postuak, artisauen lanak... Kantari eta musika talde guztiak euskaldunak dira, gehienak Ipar Euskal Herrikoak. Bertzeak bertze, Pib All Stars, Sagarroi, Kerobia, Samain, Willys Drumond eta Sparteens taldeek alaitu dituzte bazterrak. Azken talde hori taula gainera bueltatu berria da eta ospatzeko twist txapelketa handi bat antolatu du, denei irekia, bikotean, taldean nahiz bakarka har dezake parte jendeak.

Aurtengo bertze berrikuntzetako bat haurrentzako eskaintza indartzea izan da, mosaikoan txikiek daukaten leihoa handitzea. Orain arte agintariei harrera egiteko erabiltzen zuten Zuberoa gunean, eta bereziki bertako etxean, umeentzako animazioa izan da. Ikuskizun piloa izan dute haurrek gozatzeko, pailazoak, adibidez. Aho zabalik begiratzen diete agertokiaren azpitik tarta erraldoi bat eskuetan dantzan, saltoka eta kantari dabiltzan pertsonaia xelebre eta kolore bizikoei, eta gero, gurasoak eta aiton-amonak lagun, eurek ere animatu eta dantza egiten dute.

Haurren txokotik atera eta aitzinera segitu dugu gure ibilbidean. Dotore jantzitako kankailuek agurtu gaituzte, koadrila ugari ikusi dugu belar gainean lasai aski jarrita, xingar erre usaina aditu dugu, trikitilariekin gurutzatu gara, gero joaldunekin eta txistulariekin, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio bat ere pasatu da, «Kulturaren Europan euskal kultura bizirik» dio Euskal Herriaren Alde hautagaitzaren kartelak. Halako batean Lapurdi gunera ailegatu gara, batari eta bertzeari kasu egin ondotik, Herri Urrats lagun eta ezagunen topagune delako, eta baita adiskide berriak egiteko aukera paregabea ere.

Ogitarteko ederrak, sagardoa, pintxoak eta bertsoak nahasten dira. Bazter batean, bildotsa erretzen ari dira Koto Agerre zugarramurdiarra eta bere lagunak. Sei-zazpi hilabeteko arkumeak dira, izterrak bakarrik jarri dituzte sutan, ogitartekoak egiteko errazagoa delako. Mila kilo ingururekin bost mila ogitarteko eginen dituzte. Agerrek kontatu digunez, bere herriko ohiturari jarraituz ari dira prestatzen jakiak, erretzaile gehienak bertakoak baitira. Haritz egurra baliatzen dute eta saltsa berezi bat ematen diote: baratxuria, ozpina, ura, gatza, piperra eta sorginen landare batzuk, bestalariak oraindik sorginduta ez badaude mundu magikoan oraindik gehiago sartzeko.

20 urte baino gehiago darama gizon honek bestara etortzen eta beti gozatu du giro alaiaz. «Jendearen nahia, euskararen aldeko indar hori, ikusten da. Orain Ipar Euskal Herriko jende askoz gehiago etortzen da eta oso aberasgarria da hori. Garai batean Iparraldeko jende gutxi izaten zen, ikastolen ingurukoa bakarrik. Nahiz eta guztiek euskaraz ez jakin, pentsatzen dut seme-alabek ikasiko dutela. Eguzkia atera da eta dena positiboa da, haizea alde dugu, agian luzez, ez da arrazoirik hala ez izateko. Gazteak gogotsu heldu dira, nahiz tartean eguraldi txarra izan», nabarmendu du. Ordiziako talde bat etortzen zaie azken urteotan laguntzera eta lana bukatutakoan elkarrekin bazkaltzera eta momentu goxoak pasatzera joaten dira.

Handik hurbil, mahai baten bueltan, Lekeitioko, Santutxuko eta Bilboko koadrila bat ari da arraina jaten, Errioxako lagunen bat ere bada tartean. Kontatu digutenez, bezperan Heletara joanak ziren eta Ttotte Larreren ostatuan afaldu eta besta egin zuten 30 bat adiskidek. Jon Etxebarrik eta bere lagunek ere hogei urte daramate Herri Urratsera etortzen eta azken urteotan Ipar Euskal Herriko jende gehiago ikusten dutelako pozik daudela agertu dute. «Gu euskararen eta ikastolen alde egiteko etortzen gara eta lagunak egiteko ere bai. Jende gazte asko dago, ume txikiekin, gure edadekoak, ordea, gutxitzen ari dira», aipatu dute.

Umeak erreka ertzean jostatzen ari dira, ahate bat ari da pasatzen, beroa egiten du eta lagun talde batzuek hankak uretan freskatzen dituzte edo bainatzera ere animatzen dira. Abenturen gunean, gaztetxoak zuhaitzetan goiti doaz urtxintxen antzera, Raul Iparragirre eta bere Berako eta Arantzako lagunak bizikletan ailegatu berri dira, Marisol, Frederic, Sonia eta A Batucada Boum taldeko gainontzeko kideak atseden hartzen ari dira... Erran bezala, hamaika leihoz osatutako mosaikoa da Herri Urrats.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo