Eskuz Banakako final-laurdenak
Aimarren izerdia, Urberuagaren garaipena
Aimarrek merezimendu osoz lortu zuen hurrengo faserako txartela. Garaipena esku-eskuan izan ostean, Urberuagak asko estutu zuen lehiako azken partean.
URBERUAGA
Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ
«Urbe, Urbe» oihua zen nagusi atzo Eibarko Astelenan. Amets baten azken geltokia. Zailtasun guztien gainetik mamitzen diren biografia gogor bezain gozo horietako bat. Horixe izan baitzen partidua atzo: 300 pilotakadatik gora izan zituen partida gogor eta gozoa.
Faktore gehienak aurka zituen atzo Aulestiko mutilak; aurrean faborito nagusienetako bat, eta inguruan beragatik zentimo gutxi emateko prest zeuden apustulariak. Baina badira apustuek eta estatistikek ezagutzen ez dituzten bi elementu: afizioa eta gogoa. Eta bi aktibo horiek dira Urberuagaren egun handia eragin dutenak.
Gogor hasi zen partidua, erritmo bizian, eta markagailuan oreka zen nagusi: 2-2, 3-3 eta 4-4. Urberuagak «lan pixka bat eginarazi» nahi zion Aimarri, baina lehen une horietan gogor estutu zuen goizuetarra.
Pixkanaka, ordea, Aimarrek ihes egin zuen markagailuan. Bien arteko alderik handiena baliabideen erabileran dago. Bizkaitarrak ez zuen gaizki jokatzen; fresko ari zen kolpatzen, baina Aimarrek erakusten zuen airezko defentsa igarotzeko lanak zituen Aspeko atzelariak.
Olaizola ongi sakatzen hasi zen, eta sake-errematea erabilita abantaila handia atera zuen markagailuan. Kirolaren logika nagusi. 21-7 markagailuan, eta sinesgaitza badirudi ere, biak pozik izateko moduko emaitza.
Baina halako batean Aulestiarrak inspirazioa bereganatu zuen. Bere aldeko oihuek Astelenako txoko guztiak argitu zituzten, eta hantxe hasi zen bere erakustaldia: bizitza oso bat halako egun baten esperoan dagoen pilotari xume baten istorio motza.
Sekulako pegada erakutsi zuen, Aimar dominatuta izan zuen une askoan, eta zabalean egindako dejadekin tanto asko pilatu zituen. Harmailetatik zetorren hauspoak betetzen zituen hustear ziren Urberuagaren birikak. 0-9ko partziala lortu zuen, eta 21-16ko markagailuarekin Aimarrek, desesperazio puntu batekin, zazpigarren koadrotik dejada botatzea erabaki zuen. Hortxe bukatu (edo hasi) zen dena.
Aimarri zor zaion errespetuaren gainetik, Urberuaga zen atzoko protagonista. Foku guztiak bere gain ziren, eta notarekin pasa zuen azterketa. «Partida ona egitera etorri naiz, eta helburua bete dut», zioen irribarretsu. Ez zuen Astelenako giroa aipatu gabe utzi nahi izan: «Egia esan giroak izugarri lagundu nau. Hainbeste jende niri animatzen egotea izugarria izan da». Irabazi ez arren, egun zoriontsua zen. «Aimar on bati 16 tanto egitea gauza handia da», zioen harro.
Eta nori eskaini zion ba lehia bizia aulestiarrak? «Irabazi ez badut ere, aurreko martitzenean 59 urte beteko zituen aitari eta hurbildu diren guztiei eskaintzen diet partida».