Maider Eizmendi Kazetaria
Aldea zurrunbilotik zurrunbilora
Ttipi-ttapa lanera, eginaren eginaz oharkabean bidea eginez, burua jira eta buelta egin beharrekoak, egin ez ditudanak eta egin beharko ez nituzkeenak buruan bueltaka... «¡Perdone señorita!» batek itzularazi nau zurrunbilo horretatik.
Enpresak bilatzen zituen emakumeak, eta goxo galdetu dit non ote dauden. «Baina zein enpresa? Zein izen du?» Ez du halakorik edo bestelakorik bilatzen, «enpresak» baizik. Harritu, galderak, eta nabaritu egin zait seguru asko aurpegian. Inolako beharrik ez zuen arren, azalpenak ematen hasi zait: «Bai, curriculumak banatu nahi ditut eta enpresa bila ari naiz», esan dit esku artean zituen papertxoak erakutsiz. Kiribilduta zeramatzan, birziklatutako paperean inprimatuak, solte... «Hor mordo bat duzu!» erantzun diot, behin eta berriz emakumea eskerrak ematen hasi aurretik. Eta han abiatu da bidean gora, kiribildutako papertxoak txukunduz. «Zorte on!» pentsatu dut, baina konbentzimendu handirik gabe: «Emakumea, adinean aurrera egindakoa, atzerritik etorritakoa... Ez dauka lan makala lana bilatzen». Krisiak gogor jo ditu bazterrak, gazteak, helduagoak, prestakuntza jaso dutenak, ofizioa ekinean ikasitakoak... guztiak harrapatu ditu bere atzaparretan, baina batzuk, betikoak, besteak baino estuago.
Badut lagun bat urrutitik, apenas ezagutzen dugun tokitik etorritakoa. Diskoak saltzen jardun zuen gurean hasiera batean irribarrerik galdu gabe; enpresa batean topatu zuen geroago lana eta bertan aritzen da, izan duen «zorteari» irribarretxoak botaz. Bere egutegian ez da egun gorririk, eta lantegian sartzeko bai baina ateratzeko ordurik ez duelakoan nago. Horregatik da langile eta herritar estimatua; arazorik ematen ez duelako, lana besterik egiten ez duelako.
«Eutsi gogor eta eskatu dagokizuna!», pentsatu dut orduantxe agurtutako emakumeaz akordatuta, jada aurreratuta zihoan, azkar-azkar enpresen bila, esku artean curriculumak kiribilduta, hura ere bere zurrunbilo pertsonalean murgilduta.