Tortura ez epaitzeaz gain, salaketa epaitzen da
Estatu espainolean torturatu egiten dela egitate bat da. Estatu espainolak torturak babestu dituela beste egitate bat da. Egitate hauek kontuan harturik, ugariak dira espainiar gobernu desberdinak salatu dituzten giza eskubideen erakundeak eta begiraleak, bai estatu mailakoak, bai nazioartekoak. Euskal herritarren kasuan jokabide hau ohikoa dela argi azaldu dute erakundeok. Azkenekoa, eta agian entzutetsuena, Martin Scheinin Terrorismoaren Kontrako Borrokan Giza Eskubideak Bermatzeko Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak egindako txostena izan da, zeinean tortura salaketak ikertzeko Estatuak egin duen esfortzu eza salatzen zen.
Baina, zertarako egin kasu NBEri edo Amnesty International-i, «España y Libertad» bezalako talde ultraeskuindar bati kasu egin badakioke? Zein da ba, giza eskubideen alorrean, Martin Scheinin, Francisco Jose Alcarazekin, Daniel Porterorekin edo antzeko pertsonaiekin konparatuz gero? Hauxe pentsatu bide zuen atzo Aier Larralde eta Julen Larrinaga epaitu zituen Epaitegiko fiskalak. Beraien delitu bakarra Ibon Meñika gazteak Guardia Zibilaren eskuetan atxilotuta zegoela jasan zituen torturak salatzea izan zen. Era honetan tortura salaketak ez ezik, torturatuekiko elkartasuna ere epaitu nahi da. Bide okerretik ari dira, eta gero eta nabarmenagoa da, bai kanpoan, bai hemen.