GARA > Idatzia > > Kultura

Bi emakume helduren maitasunari heldu diote Goenagak eta Garañok

Film laburrekin eta dokumentalekin elkarlanean aritu ostean, Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok lehenengo fikziozko film luzeko errodajea abian jarri zuten atzo. «Axun eta Maite» izenburupean, zahartzaroan berriro elkartu diren bi emakumeren maitasun istorioan oinarritzen da euskarazko ekoizpen hori, gizarteak haiengan ezartzen dituen harresiak eta ingurukoek pentsatuko dutenaren beldurrak filmaren gidari nagusi bilakatuta.

p040_f01_203x116.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Axunek 70 urte ditu, eta haren adineko emakume askorengan bezala, monotonia du nagusi bere bizitzan. Ospitalean dagoen senide bat zaintzeko deiak, ordea, egoera guztiz aldatuko du. Haren senar Juan Marik ez du begi onez ikusten emazteak bizimodu independenteago bat eramatea eta erietxean hainbeste ordu igarotzea, baina Axunek, bere aldetik, bizipen berri bati ekingo dio. Ospitalean Maiterekin bat egiten du berriro, bere nerabezaroko lagunik kuttunenarekin. Biek aspaldi ez bezala jokatzen duten arren eta elkarrekin aise gozatzen badute ere, Axunek aldaketa berezia antzematen dio Maiteri; lesbiana da, eta askatasun osoz bizi du bere sexualitatea. Iraganean zerbait berezia sentitu izan bazuen ere, Axunek ez zuen inoiz pentsatuko bien arteko harremana hamarkada luzeen buruan zerbait gehiago izan zitekeenik, amodiora irits zitekeenik.

70 urteko adinaren bueltan elkar maite duten bi emakumeren maitasun istorioa dute hizpide Jon Garaño (Astigarraga, 1974) eta Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) zuzendariek beren lehenengo fikziozko film luzean. Gizartearen harresi horiek begi bistan utzi nahi izan dituzte, bai gizartearenak eta bai Axuni bere barnean sortzen zaizkionak. «Ingurukoek zer esango ote duten kezkatzen ditu bi emakumeak. Axunek barne gatazka gogor bati egin beharko dio aurre, bi aukera besterik ez ditu ikusten; bere zoriontasunaren alde egitea, edo bere sendiari minik ez egitea», azaldu zion Garañok garari.

Haren hitzetan, «errealitate desberdinetatik» etorritako emakumeak dira eta Axunek «garrantzi berezia ematen dio bere familiari eta sendiaren irudiari; Maitek, berriz, beste era bateko bizitza darama». Ildo horretatik, gizarteak bikote askorengan daukan zama azpimarratu zuen zuzendariak, eta «heziketa» baten beharraz mintzatu zen, izan ere, «16 urteko gazte batek edo 70eko batek ez baitute sexualitatea berdin antzematen, baina maitasun istorioek ez dute adinik ezagutzen».

Baserri giroa

Berrogeita hamar profesionalek osatutako lan taldea Donostiako erdigunean aritu zen atzo lehenengo irudiak hartzen, eta gaurtik ostegunera bitarte Zizurkilen egongo dira. Garañok eta Goenagak barneko eszenak filmatuko dituzte, eta baserri giroari garrantzi berezia emango diote filmean. Honakoa denbora laburrean homosexualitatearen inguruan gauzatzen den bigarren ekoizpena bada ere -Roberto Castonek zuzendutako «Ander» luzemetraia izan da bestea-, kointzidentzia, «kasualitate hutsa» izan dela azpimarratu zuen zuzendariak.

Atzokoa lehenengo jardunaldia izan zen arren, bi zinemagileek sei aste luzeko lana dute aurretik. Egiteko geratzen zaien «maratoia»ri erreparatuta, ez dute helburu finkorik ezarri. Lanarekin «disfrutatzea» da momentuko xedea, eta gero gerokoak. «Oraingoz ez dakigu filma bukatzean zer egingo dugun. Hasiera batean, martxoan ginen filmaketarekin hastekoak, baina lanak atzeratu egin dira, eta gaur -atzo- izan da lehenengo eguna. Donostiako Zinemaldian aurkezteko asmoa geneukan, baina ez dakit posible izango den». Itziar Aizpuru (Axun) eta Mariasun Pagoaga (Maite) protagonista dituen kontakizunean parte hartzen dute halaber Jose Ramon Argoitiak, Patricia Lopezek, Ane Gabarainek eta Zorion Epileorrek. Soinu banda, berriz, Pascal Gaigne-ren esku geratuko da.

ZER ESANGO DUTE?

Jon Garaño: «Ingurukoek zer esango ote duten kezkatzen ditu bi emakumeak. Axunek garrantzi berezia ematen dio familiari eta barne gatazka gogor bati egin beharko dio aurre, senideei min egitea kezka handienetarikoa izango delarik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo