GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal literatura, mugak hautsiz, Bartzelonan zehar zabaldu da V. «Literaldia» jaialdiari esker

Katalunia osoan, eta batez ere, Bartzelonan, Euskal Herriarekiko duten interesa ezaguna da. Euskal Etxea horretaz baliatu da literaturaren inguruko jaialdia antolatzeko. Egun, bosgarren edizioa burutzen ari dira.

p042_f01_96X96.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Pandemia gisa, jendartean «baskitis» bezala ezagutzen den gaixotasuna era arriskutsu batean hedatzen ari da Bartzelonan zehar. Horrela onartzen dute gaitz horretaz gehien baliatzen direnek, hots, Euskal Etxeko kideek. Euren ekintzek izan ohi duten oihartzuna ikusita, euskal literatura ezagutaraztea erabaki zuten orain dela bost urte. Horrela jaio zen Literaldia jaialdia eta horrela dirau bosgarren edizioa ospatzen ari diren hilabete honetan.

Urtero lez, Sant Jordi -Liburuaren Egunaz gain, Kataluniako patroiaren jaia- inguruko datak hartu ohi dituzte Euskal Etxeko egoitza literaturarekin lotzen diren ekintzez betetzeko. Oso proposamen anitzak biltzen dituen egitaraua aurkeztu dute. Esate baterako, ostiralerako euskara ikasleekin «Mihiluze» lehiaketa antolatu zuten, eta larunbaterako, bertso-afaria.

Euskaldunentzat aukera

Euskal literatura zabaltzeaz gain, Bartzelonan bizi diren euskaldunei ere euskarazko ekintzetan parte hartzeko aukera eskaini nahi dietela baieztatu du Euskal Etxeko kide Ekaitz Garatek. Euskaraz egindako ekintzak, hala ere, publikoa biltzeko zailenak dira. Hori dela-eta, ostiral honetan egingo den Ipuin Gaua katalanez ere egingo da.

Bi kulturen arteko loturak nabarmenak dira, horrez gain, jaialdian. Bihar, esate baterako, Victor Alexandre idazle katalanak «Hitza hormaren kontra liburua» aurkeztuko du. Literatura adierarik zabalenean hartzen dute antolatzaileek, eta hortaz, ekintza bitxiak ere izango dira. Bartzelonatik literatur irteera egingo dute hilaren 20an, Carlos Ruiz Zafon idazlearen urratsei jarraituz.

Ohikoagoak diren ekintzen artean, Edorta Jimenezek «1936ko guda eta euskal literatura» hitzaldia egingo du hurrengo astelehenean. Poesia eta musika uztartzen dituzten ekitaldiak ere egongo dira, hala nola olerki errezitaldia, Leire Bilbao eta Castillo Suarezen eskutik, hilaren 22an, eta Hedoi Etxartek egingo duen Kontzertu poetikoa, hilaren 23an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo