Preso egon arren, ikasteko eskubide osoa dutela aldarrikatu du Etxerat-ek
Etxerat haserre agertu da Auzitegi Goren espainolak EHU-UPVko protokoloa bertan behera utzi duelako, eta ondoko galdera mahai-gaineratu du: zeren izenean ukatu ahal zaio norbaiti ikasteko duen eskubidea?
GARA |
Askatasunaz baliatu ezin badute ere, presoek ere pertsona orori dagozkion eskubideak dituztela aldarrikatu du Etxeratek, eta eskubide horien artean ikasteko eskubidea dagoela adierazi du ozen. Presoen ikasketak arautzeko EHU-UPVk onartua zuen protokoloa Auzitegi Goren espainolak bertan behera utzi ondoren, ikasteko eskubidea «zeren izenean ukatua izan den» itaundu du euskal errepresaliatu politikoen senideen elkarteak.
Ikastea oinarrizko eskubidea izateaz gainera, «kartzelaldiari aurre egin ahal izateko garrantzi itzela» duela deritzo Etxeratek, eta orain arte egin bezala, euren senide presoek ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute komunikabideei igorritako oharrean. Lan horretan, euskal jendarteari, EHU-UPVri eta sindikatu, alderdi eta eragileei zuzen- du, eta presoen ikasteko eskubidearen alde bat egitera deitu du Etxeratek; «gure senideek euskaraz eta Euskal Herriko unibertsitate eta ikastetxeetan ikas dezaten», gaineratu du.
PPk zein PSOEk presoek ikasteko eskubidea izatea «inoiz ez dutela begi onez ikusi» salatu dute senideek, eta horren lekuko, kartzelan ikastea ezinezkoa bilakatu duten «trikimailu juridikoak» ekarri ditu gogora Etxeratek.
2003. urtean, Estatu espainol zein frantseseko presondegietan unibertsitate ikasketak gauzatzen ari ziren 300 euskal herritarrak EHU-UPVtik kaleratu, eta hasitako ikasketak bertan behera uztera behartu zituztela gogorarazi, eta «bidegabekeria hau estaltzeko, legea bera aldatu behar izan zutela» kritikatu du.
Handik urtebetera, ikasle presoek ikasteko duten eskubidea aintzat hartzen duen legez besteko proposamena onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak, eta honen ondotik etorri zen EHU-UPVk abian jarri zuen protokoloa, gaur arte indarrean egon dena.
Egitasmo honi esker, Estatu frantsesean preso diren euskal herritarrek unibertsitate honetan ikasteko aukera izan dute gaur arte; espetxe espainoletan daudenek ez, ordea. Egindako lege aldaketa dela-eta, unibertsitate eta Espetxe Zuzendaritzaren arteko akordioa beharrezkoa da, eta EHU-UPVk hori bideratzeko eskatu arren, inoiz ez diote aldeko erantzunik eman.
Haserre agertu da Etxerat euren senideak jasaten duten eskubide urraketa horrekin, eta gainera, beste askoren atzetik datorrela ekarri du gogora: dispertsioa, kartzelako baldintza «ezgizatiarrak», gaixoak preso mantentzea, komunikazioak murriztea...