GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Larriki gaixo dagoen Jon Agirre Agiriano euskal presoak 28 urte egin ditu giltzapean

agirre.jpg

GARA |

Jon Agirre Agiriano euskal presoak 28 urte egin ditu espetxean, atzo bete baitziren hain justu 28 urte Guardia Zibilak atxilotu zuenetik. Ezarritako zigorraren hiru laurdenak, eta are zigor osoa ere aspaldi betea izan arren, Auzitegi Nazional espainolak biziarteko espetxealdia ezarri, eta preso dute oraindik. Auzitegi bereziak bi urte gehiago eduki nahi du euskal herritar hau giltzapean, guztira 30 urtez, hain zuzen ere.

Hamar mila egun baino gehiago eman ditu jada arrasatearrak giltzapean, eta horrek kalte nabariak eragin dizkio osasunean. 67 urte ditu egun, eta oso larria da bere egoera; artrosi orokortua eta hernia diskala du eta mina arintzeko, duela lau urte ebakuntza egin eta protesia jarri zioten eskuineko aldakan. Baina horiek ez dira arrasatearrak dituen osasun arazo bakarrak, diabetesa, hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia ere badu, eta miokardioko bihotzeko larriaren arriskua. Esku eta oinetan ere hainbat arazo ditu eta joan den urteko ekainean beste ebakuntza bati aurre egin behar izan zion.

Presoaren osasun historiala dela-eta, Agirre Agirianoren abokatuek lau urte daramatzate bera askatzeko galdegiten, alta 92. artikulua inoiz ez diote onartu.

Gaixotasunez gainera, dispertsioa ere gertutik ezagutu du arrasatear honek, urteak eman baititu, Tenerife, Huelva edota Puertoko espetxeetan.

Amnistiaren aldeko mugimenduak gogoan izan du urteurren lazgarri hau eta haren senideei elkartasuna helarazteaz gainera, espetxe politikaren «ankerkeria» salatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo