NBEk tamilen aurkako triskantza baieztatu du, arduradunik aipatu gabe
Nazio Batuen Erakundeak tamilen aurkako «triskantza» izan dela baieztatu du. Asteburuan izandako borroketan, 380 zibil hil direla adierazi zuen, ehundik gora umeak. Tamilen eskubideen aldeko TRO taldeak genozidioa ekiditeko nazioartearen esku-hartzea exijitu zuen.
GARA |
Asteburuan izandako borroketan 380 zibil hil direla eta horietatik ehundik gora umeak zirela baieztatu zuten Nazio Batuek, arduradunik aipatu gabe. Halako «odol bainua» gerta zitekeela ohartarazia zuela gaineratu zuen. Borroka gunean ihes egin ezinik 50.000 eta 100.000 zibil artean daude. Egoera are larriagoa da, kanpoko inor ezin baita inguratu. Sri Lankako Gobernuak gobernuz kanpoko erakunde oro eta komunikabideak kanporatu zituen.
Nazio Batuen Erakundeak barne txosten batean nabarmendu zuen Armadak aire eraso gogorrak egin dituela. Satelite bidez lorturiko argazkietan, bonbek utzitako zuloak ikus zitezkeen.
Colombok hori onartu egin behar izan zuen, baina argudiatu zuen zibilak eremu horretara joan aurretik izan zirela bonbardaketak. Kalte handia eragiteko armamenturik ez erabiltzeko agindu zuela esan zuen Defentsa Ministerioak, eta zibilak LTTE gerrilla tamilak hil dituela. «Beren herrikideak hiltzen ari dira, Indar Armatuei errua botatzeko. Nazioarteko laguntza eta arreta bereganatzeko edozer egiteko prest daude», gaineratu zuen.
Inguruan dagoen giza-laguntzaile batek, ordea, airez erasotzeko «gaitasun militarra» duen bakarra Colombo dela argitu zuen. Benetan gertatzen ari dena jakiterik ez dagoela nabarmendu zuen.
Tamilen eskubideen defentsan ari diren hainbat taldek asteburutik hona 3.200 zibil hil direla salatu zuten. Ospitaleak jendez gainezka daudela eta sendagai nahikorik ez dagoela ohartarazi zuten.
«Hildakoen kopurua askoz altuagoa da. Behin-behineko ospitaleetan eta erasoen erdian dauden TROko kideei esker osatu dugu aipaturiko balantzea. Milaka lagun hil dira edo hiltzear dira zaurituta suertatu diren lekuan bertan. Beste askoren gorpuak erre egin dituzte jada, izurriterik egon ez dadin», azaldu zuen Mulliavaikkal ekialdetik Laurence Christy-k, TRO taldeko kideak.
Giza hondamendia lehenbailehen geldiarazteko, Human Rights eta Amnesty International erakundeek eta International Crisis Group aditu taldeak Taro Aso lehen ministro japoniarrari eskutitza bidali zioten, Japonek, Sri Lankaren lehen diru emailea izanik, duen ardura aitortu dezan. «Orain arte bezala, munduak zibilen sufrikarioari bizkarra ematen jarraitzen badu, porrot historikoa izango da», helarazi zuten gutunean.
Sri Lankaren operazio militarra salatzeko, 500 tamilek trafikoa moztu zuten atzo, Londreseko Legebiltzar parean. «Gerra gelditu, negoziazioa hasi», eskatu zuten.