GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñigo Santxo Uriarte Abokatua

Getxon ere, P. P., behar zaituztegu!

Ez da zilegi zentsurarik zatarrenaren bitartez Getxoko ume euskaldunen ilusioa zapuztea. Marigaizto Gorrotogiñe andereak ez du elkartasuna maite, ez daki zer den tolerantzia eta arranguraz gaindituta dago. Hobe luke P. P.-engandik ikastea

Aspaldi ikusi nituen Altsasuko San Pedroko zelaietan. Oihuka eta kantuan aritzen ziren, eta garai hartan larregi erreparatu ez banien ere, oraindik gogoratzen dut Makarroien inguruko ikuskizuna egin zutela eta euren aurrean zegoen ume mordoa erabat liluratuta zegoela adi-adi.

Urteak pasatuta, berriro izan nuen euren berri. Euskal Herrian pairatu genuen ikaragarrizko ziklogenesi mediatiko baten erdi-erdian ikusi nituen, subjektu pasibo gisa.

Inkisizioa gogora ekarri zigun sorgin-ehiza anker hura ulertu ahal izateko klabea Poxpolinek eman zigun; sorginak ez direla gaiztoak esana zuen. Areago, bere amama ere benetako sorgina izan zela aitortu zuen, sorgin euskalduna, alaia eta bihurria.

Handik aurrera, eta familia egoerak lagunduta, gertuagotik ikusi eta jarraitu ditut. Era horretan, Kintxo ezagutzeko, eta berarekin Hego Amerikatik datozen haurren problematika eta euren herrimina ulertzeko aukera izan genuen.

Kintxoren ostean Tiderrek ume berbereengana hurbildu gintuen, jabetuaraziz pertsonak paper eta agirien gainean daudela. Berarekin ikasi genuen Ifulki polita dela, eta ume euskaldunen eta berbereen irria berdina dela.

Geroago, «patata, patata» esanez argazkiak egin genituen, Joselu ganbeluaren gainean basamortuan zehar ibili ginen, eta Txilipito aguazil petralak ere ulertu zuen autoritatea ez dela gainditu ezineko dogma bat.

Aniztasunaren alorrean ere, Amaluk eta Amadolosek erakutsi ziguten, aurreiritzi moral eta sexuengatiko bereizkeriaren gainetik, familiaren lotura nagusiak maitasuna eta errespetua direla. Lik eta bere aitona egoskorrak ere ulertarazi ziguten maitasunaren termometroan ez dagoela diferentziarik seme-alaba biologiko eta adoptatutakoen artean.

Ijitoengana ere hurbildu gaituzte. Anakleto, Katiuska, Romi eta Arrantzazurekin batera ijitoen bandera aireratu genuen. «Romiri Maite zaitut!» esan genion, eta harrezkero, lelo deliktual bera errepikatu dugu hainbat tokitan.

Garai hartan Marimotots azaldu zen, alaia eta bihurria, bere parkean olgetan egin nahi zuena, eta On Txanpon eta Txanponiren diru-gosea ulertzen ez zuena. Marimototsek gauean eraman gintuen gamusinoen bila, eta erakutsi zigun zartagin zahar, linterna eta irudimen apur batez oso ondo pasa daitekeela.

Baina dena ez zen poza izan: Marimototsen gaixotasuna ezagutu genuen, eta Marimototsekin batera, Ane eta Maialenena. Egoera horren aurrean P. P.-ek euren adorea erakutsi ziguten eta, Aspanovas Elkartearekin batera, hezurmuin emaileen aldeko eta leuzemiaren kontrako ekimenari buru-belarri ekin zioten. Euskal Herriko herri, auzo eta txoko guztietara eraman zuten errealitate hau, eta Nagore sendagilearen eskutik erakutsi ziguten musuak, laztanak, kantak eta irriak sendabide osagarriak direla.

Gabonetan, Josep Carreras Fundazioko aldizkaria jasotzen dudanean haiekin gogoratzen naiz, eta aldizkari hori esku artean hartzen dudanean malkoren batek ihes egiten dit beti.

P. P.-ek betetzen duten funtzio soziala lerro bakar batzuetan biltzea ezinezkoa den arren, oso bitxia da ikustea Euskal Herriko inongo instituzio publikok ez duela aintzat hartu kolektibo ahulenen alde egin duten lana, eta aniztasunaren, tolerantziaren eta berdintasunaren alde euskal jendartean egin duten lan pedagogikoa. Zordunak gara!

P. P.-ek Euskal Herriko umeen artean etengabeko irudimen, pazientzia eta lanari esker irabazi duten ospe eta izen onarekin alderatuta, isilbidezko gutxiespen instituzional hori gutxi balitz bezala, politikari batzuek, gezurra eta manipulazioa erabiliz kontra egin diete. Hori ezin da onartu!

Oraingoan prentsaren bitartez jakin dugu Getxoko Udalak P. P. kontratatu dituela datorren ekainean herriko umeen aurrean euren ikuskizuna taularatzeko. Albistea ez dugu, ordea, ezagutu modurik ohikoenean; izan ere, Udalak emanaldiak iragartzerako, Marigaizto Gorrotogiñe Aseezina pertsonaia ezagun bezain beldurgarria ikusi baitugu komunikabideen aurrean, aipatu kontratazioa bertan behera utziko duela esanez, P. P.-ek dispertsioa kritikatu dutelako, eta badirudi bere mehatxua betetzeko aukera errealak badituela, Gasteizko Parlamentuan bezala Getxoko udalbatzan ere ilegalizazioen ondorioz euskaldunon aurkakoek gehiengo osoa baitute. Ez dago eskubiderik!

Honen aurrean gogora datozkit Gasteizko Gobernuak aspaldi erabili zituen leloak: «Basta ya» eta «Ya no me callo». Pues yo tampoco!

Ez da zilegi zentsurarik zatarrenaren bitartez Getxoko ume euskaldunen ilusioa zapuztea. Marigaizto Gorrotogiñe andereak ez du elkartasuna maite, ez daki zer den tolerantzia eta arranguraz gaindituta dago. Hobe luke P. P.-engandik ikastea. Ez dugu jokaera hori onartuko, eta oraindik ez dakigu non, ezta zelan ere, baina Getxoko umeek duten eskubidea gauzatzeko tresnak martxan jarriko ditugula ziur egon. Umeek ezin dute besterik ulertu.

Ez dakit argitu beharrekoa den, baina P. P. laburdura, Pirritx eta Porrotxi dagokie, eta ez Pozoiaren Partiduari, norbaitek pentsa zezakeen moduan.

Beraz, ekainaren 16an eta 17an Algortan finkatutako hitzorduak mantendu behar dira, eta aztertu behar da zein formatu izango den egokiena, baina argi dago zentsuraren aurkako eta tolerantziaren aldeko ekitaldi baten bitartez Bihotz Alai Plaza zahar, gazte, heldu eta umez bete behar dugula, eta handik, Marianek egin bezala, altu eta ozen esan behar diegula maite zaituztegu!, Getxon ere Pirritx, Porrotx eta Marimotots behar ditugulako. Ordura arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo