GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Oroimena gorde, mamurik gabeko geroa eraiki

Lanbroa sartu da Ziburuko portuan. Zeruan hodei beltzek euria iragartzen dute. Haize fina dabil. Hala ere, bada giro kalean. Herriko Etxe ondoan komertsantak beren fruituak, arropak, gaztak, ardoak eta goxokiak salgai jarri dituzte. Igandero errepikatzen den irudia preziatzen dut. Kolore eta usain nahasketa hori maite dut.

Jendeak irriñoak musutruk banatzen ditu jai egunetan. Senar-emaztek besotan otarra dilin-dalanka daramatzate. Barruan, loreak eta azokara arribatu berri diren martxuka-gorriak gordetzen dituztelarik.

Usaimen paradisuan atzeman dut Jon. Senda-belarrak eskeintzen dituen saltoki parean egin dugu topo, neska-lagunarekin promenatzen doa.

Kakomila, azeri-buztan, menta, te gorri, urki, elorri-zuri... Lurrin aproposa igande goizetan merkatuan sortzen diren berriketa axolagabeak girotzeko.

Irribarrea gordetzen du Jonek. Alta, betaurrekoek gordetzen duten begirada laino da. Aste batzuk lehenago, ebakuntza larri batetik osatzen zelarik, hantxe bertan kausitu nuen. Igande eguzkitsu batean. Irrifartsu eta begiak dir-dir agurtu ninduen.

Jonen burmuinean ezustean atzeman zuen inbasoreari bidea moztu ziola-eta, Bordeleko sendagilea pozik zen. Oraino tratamendua segitu behar zuen. Hala eta guztiz ere, bizkor sentitzen zela erran zidan. Baina lanbroa sartu zen ondoren. Gaitza traidore harek ez zuen amorerik eman nahi. Bataila ez zen galdua, ezta gutxiago ere. Borroka berria emateko prest zelarik besarkatu nuen azkenekoan Jon.

Geroztik igandeak bata bestearen atzetik igaro dira, astea joan astea etorri azoka jarri eta eraman dute. Geroztik, Lasatik kostaldera etxeko patea saltzera datorren laborari gaztea behin baino gehiagotan agurtu dut. Talorik gozoenak eginen dituen lagunarekin egin dut kalaka eta, noski, inbidiatan behatu diot kolorez beteriko boltsa eta zapatak saltzen dituen artisau-dendari.

Bizitzaren azokan ezinbesteko bidelagun dira sentipen eta oroimenak. Norberaren otorra betetzen dute. Oroitzapena eta egia bestelako geroa eraikitzeko harriak dira. Euskal herritar bat desagertu da. Lanbroan galdurik? Zaharberritutako saretan harrapaturik? Itxaropena gorde nahian, familia batek laino artean argia egiteko agindu du. Bere garraxia entzun dezatela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo