GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Julen Zulaika Askapeneko kidea

Sahara horra! (*)

Guk Euskal Herritik egin dezakegun apurra, saharar herriari gure elkartasuna adieraztea da, Maroko eta espainiar gobernuak irmoki eta publikoki salatu eta duintasunagatik bada ere, saharar lurraldea ustiatzen ari diren enpresei gure mespretxua adierazi

Gaur 36 urte bete dira Fronte Polisarioak lehen ekintza armatua egin zuenetik, orduan espainiar inperialismoaren aurka ari ziren, Afrikako azken kolonia ofizialean. Francoren diktadurak, azkenetan zegoela, «Madrilgo itun sekretua» deritzan horretan Sahara salmentan jarri zuen. Sahararen lurraldea bitan zatitu zuten fisikoki, Mauritania eta Marokoren artean, esparru ekonomikoa aldiz, hirutan egin zuten, zoritxarrez hainbestetan egin den zatiketa ereduari jarraituz.

Polisarioak bi armaden aurka aritu behar izan zuen, Mauritaniak bertatik alde egitea erabaki zuen arte. Baina luzaroan jasan beharrean izan ziren Hasan II.aren basakeria amaigabeak: fosforoa, jendarte zibilaren aurkako bonbardaketak, erbestea, 2.500 kilometroko harresia...

1991ean «bakea» sinatu bazuten ere, bakearen eta justiziaren hondar alerik ezin ikusita daude ordutik; ia 200.000 lagun errefuxiatu guneetan, hondarrarentzat ere bizirautea gogorra den desertu batean, Mendebaldeko ogi hondarren esperoan, eta gainerakoak berriz, lurralde okupatuetan. Han egoera latza da, Polizia mota guztiak kontatuz gero, bitan nagusitzen zaizkie sahararrei; pentsa, beraz, bertako kontrola eta errepresioa norainokoa izan daitekeen!

Hain zuzen, maiatzaren 20an ekin zieten bertako gazteek sahararren intifadari, itxaroteaz asperturik, debekaturiko hizkuntza, debekaturiko leloak, debekaturiko jendea berriz hasi zen kaleak astintzen. 2005eko maiatza zen hura, ordutik atxiloketak, adingabeen aurkako eraso, bahiketa, bortxaketa sexual, tortura eta hildakoek bete dute euren egunerokoa.

Oraindik 650 lagun inguruk desagerturik jarraitzen dute, preso politikoak, berriz, dozenaka dira Aaiun-eko «kartzela beltza» bezalako gune ezin ilunagoetan.

Herri zapalduetan, denbora gurdi astun bilakatzen da eta nazioartea eta batez ere gobernu espainol desberdinak begiak estaltzera baino ez dira ausartzen. Euskaldunok aspaldidanik babestu ditugu errefuxiatu guneetan dauden saharar lagunak, bertako haurrak ere sarritan izan dira gurean. Harresiaren bestaldeko haizea ez da baina guregana hainbesteko indarrekin iristen, izan ere, lurralde okupatuetan, arrantza kontratu bikainak lortzen dituzte Mendebaldeko enpresek, tartean hain mendebaldekoak ere ez diren enpresek, bertakoek alegia.

Guk Euskal Herritik egin dezakegun apurra, saharar herriari gure elkartasuna adieraztea da, Maroko eta espainiar gobernuak irmoki eta publikoki salatu eta duintasunagatik bada ere, saharar lurraldea ustiatzen ari diren enpresei gure mespretxua adierazi. Bitartean, geuk ere jarraituko dugu geure herrian lanean, geure askapen prozesuan eta bidelagun izango zarete zuek, sahararrak, zuen borroka agortezinean, laster arte.

(*) Sahara askatua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo