Malekoian bizikletak erabiltzearen aurka egin dute zarauztarrek
GARA |
Galdeketan zarauztarren %15ek baino parte hartu ez badu ere, gehienak malekoian bizikletak erabiltzearen aurka agertu dira. Joan den asteburuan hasi zuten herri galdeketan, orotara, 2.693 herritarrek parte hartu dute, eta horietatik 1.683k malekoian bizikletarik ez erabiltzeko boza eman zuten. Zarauzko Udalak galdeketaren gainean oso balorazio positiboa egin du, baita herritarren parte-hartzeari buruz ere.
Patxi Elola Zarauzko PSEko zinegotziak GARAri adierazitakoaren arabera, udal gobernuaren akordioaren ondotik egin da galdeketa hau. Izan ere, lehenagotik baitzetorren malekoian bizikleten erabileraren gaineko eztabaida; hala, Udalak, herritarren parte-hartzerako eratu zuen batzordearen baitan egin da lehenbizikoz Zarautzen horrelako herri galdeketa bat. «Udalak ez du galdera jarri. Lan talde bat sortu da, anitza, gizarte eragile eta talde ugarirekin. Herritarren esku utzi dugu galdeketa burutzea, eta eztabaida sakon baten ondoren, eurek egin dute galdeketa», nabarmendu zuen Elolak.
Malgutasunez
Galdeketaren emaitzak nola eragingo duen galdeturik, Elolak «orain arte bezala» jarraituko dutela adierazi du. «Berez, bizikleta malekoian erabiltzea galarazita dago, baina Udalak malgutasunez jokatzen du, bizikleta erabiltzen duen jende asko dagoelako».
Bizikleten «erabilera zentzuzkoak» arazorik ez duela emango nabarmendu zuen, izan ere, orain arte bezala, neguan, esaterako, malekoian oinezko gutxi ibiltzen baita, eta udaran, ostera, oso bestelako egoera sortzen da. Orduan bai, malekoia eta hondartzako inguruak jendez lepo aurkitzen diren garaietan, bizikletak malekoian ezin izango direla erabili gogorarazi zuen.
Bestalde, saihesbidea egiteko lanak laster hasiko direla gogora ekarri zuen, eta horren baitan bidegorri berria egin eta gainontzekoekin sare bat osatuko dutela esan zuen.