GARA > Idatzia > > Kultura

Gizakiaren kezkak, koadrotik harantzago doazen artelanetan

Xabier Obeso artista errenteriarraren erakusketa Donostiako Kutxa Boulevard aretoan dago ikusgai maiatzaren 31ra arte. Duela zortzi urte izan zen bertan, baina ordutik asko aldatu da bere lana: margotzeko estilo errealista batetik, sinbolo eta material ezberdinetara jo du orain.

p058_f01_86223.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Begiek kuriositatea sinbolizatzen dute, eboluzioaren motorra dira, baita gure barne eta kanpoko munduen arteko lokailua ere». Xabier Obesoren lanetan errepikatzen den sinboloetako bat dira begiak. Artista errenteriarra duela zortzi urte izan zen Donostiako Kutxa Boulevard aretoan eta bere lanak munduan zehar barreiatu ondoren, berriro itzuli da.

«Pintura errealista batetik abiatu nintzen, preziosismoa, hiperrealismoa... Eroso sentitzen nintzen bertan, baina zerbait gehiagoren beharra sentitu nuen. Banekien zer ez nuen nahi, baina ez nekien ongi zer nahi nuen eta kontatu nahi nuenaren bilatze horretan sinboloen beharra ikusi nuen», azaldu zuen. Begiez gain, gurutzeak, trikuharriak edo liburuak ere errepikatzen dira: «Gurutzeek iritzi batasun eta desakordioak, kulturen gurutzatzeak errepresentatzen dituzte. Trikuharriek, berriz, heriotzaz hitz egiten digute eta honek gugan sortzen dituen beldurrak eta minak. Liburuz egindako trikuharriak kultura eta jakintzari egiten dio erreferentzia. Gizakiak bere heriotzaren kontzientzia hartzen du eta horri gailentzeko, erlijiora edo liburuetara jotzen du».

Bere motibazioak, kezkak eta beldurrak espresatzerako orduan, hainbat teknika eta material erabiltzen ditu Obesok. Xafla baten gainean, margoak, kartoia, urre-orria edota egunkarietako ebakinak tartekatzen ditu, koadro ikusgarriak sortuz. Koloreei dagokionez, tonu epelen aldeko apustua egiten du, «kolore ukitu bat beti sartzen dut, itxaropen mezu baten moduan».

Bere lanei ez die ez datarik, ez titulurik jarri, «mugatu egiten dituela iruditzen zait», baina Donostiako erakusketarako azken hiru urtetan egindako lanak bildu ditu, «daukadan onena ekarri dut». «Nik egindako lana norbaiten gogoetarako edo normalean sortzen ez diren tertulietarako abiapuntu bihurtzea da poz handiena ematen didana. Horrekin bakarrik, ordaina jaso dudala sentitzen dut», azaldu zuen. Hala ere, artearen munduan irautearen zailtasuna azpimarratu zuen Obesok, «hemen inguruan bakarkako erakusketa bat egiteko aukera gutxi dago». Horregatik ibili da orain arte Alemanian, AEBetan edo Estatu espainolean zehar. «Garrantzitsua da hemendik kanpora zure lana goraipatzea, baina zeure etxean ere kritika onak jasotzea gauza handia da. Aukera paregabea da niretzat Donostian egotea», aitortu zuen. Datorren abuztuan Munichera bidaiatuko du beste behin eta azaroan, bestalde, Lleidan izango da.

SINBOLOAK

«Halako batean, zerbait gehiagoren beharra sentitu nuen. Banekien zer ez nuen nahi, baina ez nekien ongi zer nahi nuen. Kontatu nahi nuenaren bilatze horretan sinboloen beharra ikusi nuen».

GOGOETA

«Nik egindako lana norbaiten gogoetarako edo normalean sortzen ez diren tertulietarako abiapuntu bihurtzea da poz handiena ematen didana. Horrekin bakarrik ordaina jaso dudala sentitzen dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo