«Hitz eta zaunka», Joxan Ormazabalen animalien aldeko aldarria
Xole ARAMENDI | DONOSTIA
«Hitz eta zaunka» izeneko liburuan animalien aldeko aldarria egin du Joxan Ormazabalek. Zakur jabea zaunkaka jarri du idazleak eta zakurra, aldiz, hizketan; basurde batekin topo egin eta biek hartutako sustoaren ondorioa.
Jose Belmonteren marrazkiak ditu ipuinak eta 6 urtetik gorako haurrentzat idatzi du liburua Ormazabalek. «Idazteko garaian obserbatu egiten dut -azaldu zuen atzo-. Behin zakur bat ikusi eta `zer gertatuko litzateke bera hizketan eta nagusia zaunkaka hasiko balira?' galdera egin nion neure buruari».
Ipuina idazten asko gozatu duela esan zuen. Baita ehiza gustukoa ez duela aitortu ere. Lan honen bidez bere jaioterrian, Zegaman, oso gertutik bizi izan duen ehizarako zaletasunari buruzko gogoeta egitera gonbidatu ditu irakurleak. «Ehizari ez diot zentzurik ikusten. Horregatik, ipuinean halako mezu bat dago, animalien aldekoa», gaineratu zuen.
Marrazki lehiaketa
Haurrez inguratuta esan zituen hitz hauek Ormazabalek. Elkar argitaletxeak «Hitz eta zaunka» liburuaren gainean antolatu duen marrazki lehiaketaren irabazleak ziren, saria eskuratzera joanak. Idazleak berak eman zizkien opariak aurkezpenean.
Euskal Herriko 701 haurrek parte hartu dute lehiaketan. Hamabi ilustrazio finalisten artean, sei irabazle hautatu dituzte. Maren Albisuaren eta Udane Goenagaren lanak aukeratu dituzte 6 urtera arteko umeen taldean; 6-8 urte bitarteko taldean, berriz, Martin Garcia eta June Aguayo izan dira irabazleak. Azkenik, 9-11 bitartekoan taldean Otxanda Louboutinek eta Ana Saioa Larrañagak jaso dituzte sariak.
Epaimahaikideek zein Ormazabalek berak ilustrazioen maila ona nabarmendu zuten atzoko ekitaldian. Idazleak gustura eta harridura puntu batekin ikusi zituen haurrek bere ipuinaz egindako interpretazioak. Hamabi ilustrazio finalistak Euskal Herriko Elkar dendetan daude ikusgai.