GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Presoei babesa emateko jendetza bildu da Arrasate eta Oiartzunen

Herri honek hamaika aldiz erakutsi du epaileen erabakien gainetik eta polizien mehatxuei aurre eginez, euskal preso politikoei babesa adierazten jarraituko duela. Horixe bera egin zuten atzo Arrasaten eta Oiartzunen, non jendetza bildu zen errepresaliatuei eta euren senideei elkartasuna helarazteko. Arrasaten bereziki Jon Agirreren egoera salatu zuten.

p016_f02_250x116.jpg

GARA |

Arrasaten, mila lagunek eta gehiagok euskal preso politikoen aldeko manifestua sinatu dute, eta azken egunetan hainbat ekimen egin dituzte gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko, horien artean dela kartzelan 28 urte bete dituen Jon Agirre, 67 urteko errepresaliatua. Ekimen horien ildotik, atzo jende mordoa bildu zen Amaia antzokian egindako ekitaldian, eta ondoren Herriko Plazatik abiatutako manifestazioan.

Handik kilometro batzuetara, ekialdera, Oarso-Bidasoako Elkartasun Eguna ospatu zuten Oiartzunen, eta hemen ere jendetza handia bildu zen, eskualdeko preso politikoak gogoan. Eguna goiz hasi zuten ekimen honetan parte hartu zuten lagunek, Girizia mendi taldeak antolatuta, mendi irteera izan baitzen Doneztebe plazatik abiatuta. Hitzordua 8.00 aldera zuten jarria, eta bertatik hainbat tontorretara igo eta euskal preso eta iheslarien aldeko ikurrak jarri zituzten. Mendira joaterik izan ez zutenek, aldiz, herriko kaleetan ibili zen dianan parte hartu zuten.

Bestalde, eskualdeko herrien arteko kirol desafioa egin zuten 11.00etan, eta talde guztiek -denak parekideak- sasoi betean daudela erakutsi zuten.

50 preso politiko eskualdean

Kirol dema bukatuta, 13.00etan, manifestazioa eta ekitaldia egin zuten, eta bertan parte hartu zuten eskualdeko presoen senideek, dantzariek, txalapartariek eta abeslariek. Beraiekin batera, herritar asko eta asko. Ekitaldian aipamen berezia egin zieten Ander Errandonea eta Estanix Lopez oiartzuarrei, kartzelan 23 urte bete berri baitituzte. Orotara, 50 preso politiko dituzte eskualdean, eta horietako asko libre egon beharko lirateke legediaren arabera.

Giro paregabean egindako herri bazkariaren ostean, 18.00etan herrien arteko bertso erronka egin zuten tabernaz taberna hainbat bertsolarik, eta Elkartasun Egunari bukaera emateko, kontzertua izan zen gauean, Doneztebe plazan.

Arrasaten, aldiz, ekitaldi polita eta hunkigarria egin zuten Amaia antzokian, non, besteren artean, Ion Agirrek bizi duen egoera azaldu zuten, eta berak bezala, euskal errepresaliatuek pairatzen duten sakabanaketa, biziarteko zigorra, isolamendua eta heriotza zigorra salatu.

Amnistiaren aldeko mugimenduak, ildo honetan, «berotasuna eta babesa» eskaini zien eskualdeko preso eta iheslari politikoei. «Zuen argazkiak herriko txokoetatik kendu nahi dituzten honetan esan nahi dizuegu zuen aurpegiek bizi-bizirik dirautela gure begietan», nabarmendu zuten.

Jazarpenak «hamaika aurpegi» dituela gogoratu zuen amnistiaren aldeko mugimenduaren izenean mintzatu zen eledunak, nabarmenduz aurpegi horietako bat dela «750 euskal preso politikoentzat eraiki duten Guantanamo erraldoia». Edonola ere, argi utzi zuen, zigorrak zigor, «euskal preso politiko bat espetxean den bitartean, elkartasunak lekua izaten jarraituko duela herri honetan».

santurtzi

Ertzaintzak Santurtziko eraikin batetan zeuden preso politikoen argazkiak kendu zituen atzo goizean eta protesta egin zuen lagun bati salaketa jarri zion. Arratsaldean, dena den, beste argazki batzuk jarri zituzten leku berdinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo