Emakumeek, «krisia pairatzen lehenak izan gara» esan, eta grebara deitu dute
Emakume guztiontzako lanpostu duinak aldarrikatzea, lan-merkatutik kanporatuak izatearen aurrean «haserrea erakustea» eta «atzerapausorik bat ere ez onartzea» dira, besteak beste, emakume ezkertiar eta abertzaleen Batzarrak grebara joateko plazaratutako arrazoiak.
GARA |
Emakume ezkertiar eta abertzaleak Batzar Nazionalean bildu ziren atzo Donostiako Ibaeta campusean, eta egungo krisialdiari buruzko hausnarketa egin ondotik, auzi horren gainean duten ikuspegia plazaratuz, maiatzaren 21eko greba orokorrarekin bat egiteko deia zabaldu zuten.
Besteak beste, honakoa nabarmendu zuten: «Lehendabizikoak izan gara krisialdi hau pairatzen. Modu ikusezinean, gainera, banan-banan, komunikabideetan ere agertu gabe, enpresa handietako espedienteetan ez bezala. Emakume guztiontzako lanpostu duinak aldarrikatzeko, emakumeok, greba orokorrera».
Ez zen hori izan, halere, hilaren 21ean greba egiteko aipatutako arrazoi bakarra: «Lanpostuen galera masiboak eta zerbitzu publikoen murrizketa zein pribatizazioak emakumeok `etxera bueltatzera' eta behar sozialak geure bizkar betetzera behartzea» ekar dezakeelako ere bai.
Emakumeak ez direlako bigarren mailako herritarrak, eskubideen subjektuak baizik, «gure eskubideen aldeko borrokak beti izan behar du lehentasuna, beraz, krisialdi testuinguru honetan atzerapausorik bat ere ez onartzeko, emakumeok, greba orokorrera», gaineratu zuten.
Euskal Herriko emakume guztiei dei egin zieten maiatzaren 21ean grebarekin bat egitera. «Emakumeon askapen prozesuan emakumeon arteko aliantza ezinbestekoa da. Ofentsiba honetan gure antolakuntza premiazkoa da, horregatik ezinbestean antolatu behar ditugu sareak, emakumeok egiten ari garen lan politiko, sozial eta sindikala aktiboa bihurtzeko».
Deialdiaren egileek aldarrikatutako aldaketa sozial eta politikoa beharrezkotzat jo zuten. «Emakumeon zapalketa estrukturala amaitzeko, sistema kapitalista patriarkala errotik aldatu, eta bestelako eredu baten alde egin beharra dugu. Emakumeok aldaketa honen subjektu aktiboak izan behar dugu eta gure espazioak aldarrikatu behar ditugu», gaineratu zuten.
Donostiako agerraldian esandakoaren arabera, bide horretan aurrera egiteko, greba orokorrean parte hartzea beharrezkoa da.
«Neoliberalismo patriarkal basatiaren azken urte hauetan bereziki emakumeok izan gara kolpatuak. Pobrezia eta prekarietatea orokorrean areagotuta ere, emakumeon artean maila jasanezinera heldu da».