GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14 Agilera

Denboraldiari amaiera bikaina eman ostean, Biarritzek bosgarren bukatuko du

p052_f02.jpg

BIARRITZ 38

MONTAUBAN 10

J.L. | BIARRITZ

Biarritzek lortu zuen atzo bere gutxieneko helburua, eta datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartela segurtatu zuen. Denboraldi hasieran helburuak hau baino handiagoak ziren, baina gauzak nola joan diren ikusita konforme eta gustura geratu dira Biarritzen.

Zuri-gorriek esku-eskura zuten sailkapena, eta ez zuten hutsik egin. Aurrez aurre zuen taldeak ezer ez zuen jokoan, eta hori argi eta garbi geratu zen. Horrelakoetan, zerbait jokoan duen taldeak normalean irabazi ohi du, eta atzo ere ez zen bestelakorik gertatu.

Lehen entsegua lortzea dezente kostatu zitzaion talde lapurtarrari, baina behin hori gauzatuta, zuri-gorriak jaun eta jabe izan ziren, eta beste lau entsegu ere gauzatu ahal izan zituzten jokalari euskaldunek.

Montaubanek, aldiz, ez zuen ezer asko egin. Azkenerako etxekoak erabat erasora jo zuten, eta markagailua itxuratzeko bi entsegu lortu ahal izan zituzten, baina ezer gehiagorik ez. Amaieran poza nabaria zen, azken batean berriro ere Europako lehiaketarik garrantzitsuenean arituko dira.

Hala ere, zuri-gorrien denboraldian bi zati desberdin izan dira. Otsailera bitarte oso txarra izan zen, eta jaitsierako postuak ere nahiko gertu izan zituzten. Entrenatzaile aldaketak mesede egin zion Olympiqueri, eta denboraldi amaiera paregabea egin dute, eta amaieran sasoia motz samar geratuko zaie. Hala ere, amaierako lan honek jarraipena izatea espero da, gauzak hobetzeko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo