«Palestinarekin elkartasunean» manifestazioa egin duten Gasteizen
GARA |
Ehunka lagunek manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen, «Palestinarekin elkartasunean» lelopean. «Ostiralean 61 urte bete ziren Israelgo Estatua sortu zenetik. Palestinarrek Nakba (hondamendia) deitzen diote egun horri. Aurretik, Israelek garbiketa etnikoari ekin zion, ahalik eta lurralde gehien kontrolpean edukitzeko», salatu zuten manifestazioaren ostean eginiko ekitaldian. Askapena mugimenduko kide batek «munduko boteretsuek» Israelekin dituzten «harreman militarrak, ekonomikoak eta kulturalak» bertan behera uzteko exijitu zuen. «Herritarren elkartasuna guztiz beharrezkoa dute palestinarrek», plazaratu zuen.
Ildo horretan, Israelgo produktuei nahiz adierazpenei boikota egitearen garrantzia nabarmendu zuen.
Ekitaldian Adurtzako dantzariek herri palestinarra agurtu zuten, ikurrina alde batean, eta bandera palestinarra, bestean. Giro horretan, 2008ko udan hil zen Mahmoud Darwish poetaren olerki bat irakurri zuten euskara eta arabieraz.
Manifestazioari 150 eragilek eman zioten atxikimendua. «Sentimenduaz gain, uste sendoa dugu, askapen borrokan ari garen herrion artean elkartasun harreman sendoak eraikitzea ezinbestekoa zaigula. Izan ere, han eta hemengo handi-mandiek elkarri laguntzen diote batere mozorrorik gabe», helarazi zuen Askapenak. «Horregatik, herritarroi dagokigu Euskal Herriko kaleetan, antzokietan, unibertsitateetan, kirol eremuetan, lantegi eta herrietan, Israel ez onartzea eta Palestinarekin harremanak bultzatzea», aditzera eman zuen.
Era berean, Zisjordaniaren okupazio militarra bertan behera uztea eta iheslariek beren herrialdera itzultzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten.
Bihar, bestalde, Barack Obama presidente estatubatuarra Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrarekin bilduko da Washingtonen. Netanyahuk Estatu palestinar baten sorrerari ezetza emango dio berriro, haren kolaboratzaileek esan zutenez.