GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Maite Erro Jauregi EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea

Osasun demokratikoa, bai ala ez?

Berdintasunaren eta diskriminazio ezaren auziak osasun demokratikoaren adierazle dira. Europako Parlamenturako hauteskundeak gertu direla aprobetxatuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako defendatzailea den Maite Errok alor hauetan europar testuinguruan eman diren aurrerapausoak eta oraindik dauden arazoak eta oztopoak aztertzen ditu artikulu honetan.

Europako Parlamenturako datozen hauteskundeek gogoetarako aukera ematen digute, 1986an Estatu espainola Europar Batasunean txertatu izanak emandako emaitza batzuei buruzko gogoetarako aukera, hain zuzen ere. Oro har, honako helburu hauek zituen integrazio horrek: hedatzen ari zen espazio ekonomikoan parte hartzea, aspaldiko isolamendu politikoa gainditzea, demokratizazio-prozesua finkatzea eta, horretarako, trantsizioaren garaian hasitako demokratizazioan sakontzea.

Balio demokratikoak garatzeko eta finkatzeko prozesu horren barruan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak aplikatu dira gure gizartean (nazioarteko akordioen, Europako zuzentarauen eta arlo horretako berariazko gomendioen bidez zehaztutako politikak, hain zuzen ere).

Erkidegoko zuzentarau horiek betetzean, hainbat kontzeptu berri inportatu dira (hala nola generoko «mainstreaming», emakumeen «enpowerment» -ahalduntzea- eta abar), eta ahalegin handiak egin dira berdintasunerako eta sexuagatik diskriminaziorik ez jasateko funtsezko eskubideari lotutako berezko balio demokratikoak arautzeko. Ildo horretan, tutoretza-erakundeak jarri dira abian, hala nola Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea (EAEn).

Berdintasunerako Defentsa Erakunde hau ez da tresna bakana Europar Batasunean. Izan ere, Erkidegoko erakundeek emandako bi zuzentarauri erantzuten die. Bi zuzentarau horiek ezartzen dutenez, estatu kideek horrelako erakunde independenteak sortu behar dituzte diskriminazioaren biktimei laguntzeko, arlo horretako azterlan independenteak egiteko, txosten independenteak argitaratzeko eta gomendioak egiteko.

Gaur egun, Europar Batasuneko gobernu gehienek bi zuzentarau horiek bete, eta erakunde independenteak sortu dituzte, diskriminazioari lotutako problematika multzo zabal batean -hemezortzi eremutan guztira- jarduteko aginduarekin (diskriminazioa generoagatik, adinagatik, arrazagatik, ezintasunagatik, erlijioagatik, sexu-orientazioagatik, familia-estatusagatik eta abar). Erakunde horiek guztiak independenteak dira. Izaera hori azpimarratzeko, zuzendaritzaren indarraldia legegintzaldi politikoaz bestelakoa da, eta titularrak (lan-taldeak izendatzeko ahalmena dutenak) ez daude ezein alderdi politikotan afiliatuta. Gainera, berdintasun-printzipioaren eta diskriminaziorik ezaren tutoretza dute, diskriminazioa sektore publikoan nahiz pribatuan gertatuta ere. Gaur egun, Enplegu, Gizarte Segurantza eta Aukera Berdintasunerako Komisarioari atxikitako EQUINET lan eta informazio-transferentziarako sareko kide aktiboak dira erakunde horiek.

Equinet sareak Dublinen berriki antolatutako lan-foro batean, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko esperientziak eta lan-ildoak garatzeko aukera izan dut. Halaber, hainbat kezkaren berri ere izan dut, eta labur-labur azalduko ditut orain.

Hasteko, EBko herritarren %40k baino ez daki berdintasunaren eta sexuagatiko diskriminaziorik ezaren arloa araututa dagoela, eta horrek kezka handia sortu du. Gainera, ehuneko hori %30era jaisten da diskriminazioaren eta/edo jazarpenaren biktima gisa dituzten eskubideen berri ba ote duten galdetzen zaienean. Edonola ere, alde handia dago estatuen artean. Beren eskubideen berri baduten herritarren ehunekorik handiena duen herrialdea Finlandia da (%65), eta ehunekorik txikienak dituzten herrialdeen artean Estatu espainola, Estonia eta Grezia daude (%17tik %23ra bitarte).

XXI. mendean bete-betean sartuta gaudela, esan beharra dago EBko diskriminazio-egoeren %40 sexuagatiko diskriminazioak eragin duela, eta gizarte-errealitate hori ere oso kezkagarria da. Ehunekorik handienak dituzten herrialdeak Italia eta Estatu espainola dira (%56 eta %55, hurrenez hurren), eta ehunekorik txikienak dituztenak, berriz, Finlandia, Alemania eta Letonia (%21etik %24ra bitarte).

Hona hemen beste errealitate harrigarri bat: EBko herritarren artean, diskriminazioaren biktima izanez gero laguntzeko eta jarduteko erakundeak badaudela badakitenen kopurua oso txikia da. Finlandian eta Suedian adibidez, herritarren %41ek du tresna horien berri. Estatu espainolean, berriz, herritarren %15 baino ez da.

Hauxe da EBko egoera, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan: berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan babesten gaituzten legeen inguruko ezjakintasuna, ditugun eskubideen inguruko ezjakintasuna, eta emakumeak emakume izate hutsagatik diskriminatu dituztelako ehuneko handiak dituzten herrialdeak. 10 pertsonatik 4k baino ez dakite diskriminaziorik ezaren tutoretzan espezializatuta dauden erakundeak egon badaudela. Legeak onartzea ez da nahikoa. Lege horiek herritarrengana «iristeko» bideak eta baliabideak sortzen inbertitu beharra dago. Beren eskubideen berri duten pertsonek baino ez dituzte eskubide horiek erabiltzen.

Egoera horri erantzuteko, EBko herrialdeek «osasun demokratikoaren» adierazlea ezartzen dute, eta herritarrek jarritako salaketen eta kexen kopuruan oinarrituta ezartzen dute, hain zuzen ere. Horrela, beraz, eskaeren kopuru txikiak azaldutako gizarte-errealitateari erantzuten dio («osasun demokratiko» urriaren sinonimoa den errealitateari), eta kopuru handiak, berriz, gizartearen ahalduntze handiagoa eta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko eskubideen eta betebeharren jakintzan egindako aurrerapen handiagoa adierazten du («osasun demokratiko» egokirantz egindako aurrerapenaren sinonimotzat har daitekeen aurrerapena).

Azaldutakoa kontuan hartuta, atzera bota behar dugu iritzi politiko jakin batzuen argudioa (argudio horren arabera, sexuagatiko diskriminazioaren arloko «eskaera kopuru txikiak» aintzat hartuta, EBko estatu kideek sortutako erakunde independenteak ez dira beharrezkoak). Arrazoibide hori sinplista dela, errealitatearen jakintzan oinarritu gabe dagoela eta genero-hesiaren konplexutasunarekin bat ez datorrela esan daiteke (Davosko Munduko Ekonomia Foroaren, Europako Batzordearen, Eurostat-en, EINen, Berdintasun Ministerioaren, Emakumearen Institutuaren, Eustaten, Emakunderen eta abarren estatistikak).

Bestalde, garrantzi handiagoa eta lehentasuna eman behar zaio gizarteari tresnak eskaintzeko egin beharreko lanari, tresna horien bidez berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan dituen eskubideen berri izan dezan eta eskubide horiek errespetatzen ez zaizkionean salaketa egin dezan. Diskriminazio-egoerak salatzeak ez du kezkatzeko arrazoi izan behar, ospatzeko arrazoi baizik. Baztertu egin behar dugu salaketa bat egiteak gabeziaren bat adierazten duen okerreko ustea. Aitzitik, oinarrizko eskubideen erabilera adierazten duela eta «osasun demokratikoaren» (eta, azken batean, berdintasunaren eta sexuagatiko diskriminaziorik ezaren arloan egindako aurrerapenaren) adierazle bikaina dela azpimarratu behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo