URREZKO PIOLETA Protagonistak
Han eta hemen alpinismoak hizkera bera du
Apirilaren amaieran banatu ziren Urrezko Pioletaren bi irabazleren iritziak jaso ditugu. Kazuya Hiraide japoniarrak Kameten eginiko jardueragatik irabazi zuen. Simon Anthamattenek, berriz, Tengkampochen erdietsitako zailtasun tekniko handiko eskalada saioagatik.
Andoni ARABAOLAZA
Duela aste batzuk eman genizuen Frantziako Piolet d´Or edo Urrezko Pioleta sarien berri. Aipatu genizuen ere, alpinismoko ekimen entzutetsu hau eraberritua zetorrela, eta hori guztia oso argi geratu zen sari banaketa ekitaldian.
Beste edizio batzuetan ez bezala, aurtengoan, hiru urrezko piolet banatu dira. Lau zehazkiago esanda; izan ere, horietako bat Walter Bonattiri eman zaio bere ibilbide oparoarengatik. Beste hirurak, berriz, iazko denboraldian egin diren goi mailako eskaladengatik. Horren berririk eman genizuen, eta orain bi protagonisten iritziak jaso nahi izan ditugu. Lehenbizikoak japoniarrak dira: Kei Taniguchi eta Kazuya Hiraide. Kamet mendiko (7.756 m) hego-ekialdeko aurpegian eginiko lehen igoeragatik jaso zuten pioleta: 1.800, M5+, 5+, estilo alpinoan.
Gure asmoa Taniguchirekin hitz bi egitea zen, sari handi hori jaso duen lehen emakumezkoa izan delako. Baina Chamonixetik irten bezain laster, Alaskara joan zen. Horrela bada, haren sokakidearekin, Hiraiderekin, harremanetan jarri gara.
Lehenik eta behin, GARAk alpinismoko ekimen horren inguruan galdetu dio: «Aitortu behar dut Urrezko Pioleta begiko dudala. Herrialde askotako alpinistak elkartu ginen, eta bakoitzak bere iritzia eman zuen. Guretzat sari garrantzitsua izan da, eta Kei eta biok pozik gara. Esplorazio izaeragatik eman digute saria. Guretzat arrakasta handiena Kamet mendian bide bat aurkitu, sortu eta eskalatzea izan da. Hori guztia gailurra baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Horretaz gain, sari hau jaso duen lehen emakumezkoa izan da Kei. Uste dut horrek emakumezko askori amets egiteko indarra emango diela. Kei 36 urteko alpinista gogorra da. Burua bere lekuan du, eta badaki zer egin behar duen. Finean, bi sari izan dira».
Aitortu beharra dago, aurtengo ekitaldian japoniarrak nagusi izan direla; sei hautagaitatik bik saria eskuratu dute: «Pozik nago Japoniako alpinismoa munduan ondo onartzen delako. Geure eskalatzeko era aldatu egin da. Lehen talde handietan eskalatzen zen; egun, berriz, erronka zailak talde txikietan egiten ditugu. Hori bai, beste hautagaien jarduerek ere distira berezia zuten. Bide handiak eskalatu dira; orain, esplorazioa beharrezkoa da».
«Plazerraren bila»
Orri honetara ekarri dizuegun bigarren protagonista Simon Anthamatten da. 26 urteko alpinista honek, Ueli Steckekin batera, Tengkampocheko (6.500 m) ipar hormaren lehen bidea sortu zuen: M7, 5, 6/A0. Biak ala biak suitzarrak dira, binomio azkarra zein eraginkorra, eta horma horretan eginiko teknika handiko eskaladarengatik saritu zituzten.
Anthamattenek argi dauka, egun, erronka handiak egiteko aukera dagoela, eta bi alpinista multzo ikusten ditu: «Oraindik 6.000 metrotik gorako 150 mendi esploratu gabe daude. Uste dut hori dela bidea, eta etorkizuna pareta erraldoietan dagoela. Baina, hori bai, estilo arinean. Hori alpinisten esku dago. Nik bi multzo ikusten ditut. Bide mitikoak zein zortzimilakoak eskalatzera joaten direnak; jakina, estiloa kontuan hartu gabe. Alpinista horiek soilik zenbakiak bilatzen dituzte. Eta beste batzuek eskalatzea gustuko dute. Alpinista sutsuak dira, bide eder bat eskalatu nahi dutenak eta plazerraren bila joaten direnak».
Gazte suitzar honek argi du alpinismoak hedabide handietan ez duela lekurik, besteak beste, kirol hori oso-oso txikia delako: «Futbolarekin alderatuta, ez daukagu etorkizunik. Baina Urrezko Pioleta bezalako ekimenek geure eskaladak jendearengana hurbiltzeko balio dute».
Azaldu dizuegu Steck-Anthamatten sokadek oso estilo arina eta azkarraren alde egiten dutela apustu: «Geure aukeraketa da: sasoiko gaudelako eta maila teknikoa dugulako. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da garaiera horietan askoz ere azkarrago nekatzen zarela. Mendiak azkartasuna mugatzen du. Giltza garaiera horrek sortzen duen arriskuan denbora gutxi pasatzea da. Gu ez gara mendiarekin lehiatzen».