GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

BLOKE Italia

Arrakasta itzela eta goi maila Mellobloccoko hitzorduan

Lau egunez, blokeko ekimen handia Val Masinon (Italia) ospatu da. Guztira, 37 herrialdetatik iritsitako maila ezberdinetako 2.500 parte-hartzaile izan ziren. Antolatzaileek, gainera, 300 bloke berri prestatu zituzten.

p045_f01_66754.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orain dela hiru edizio Val Masinoko (Val di Melo, Italia) Mellobloccoko ekimenera hurbildu zen euskal eskalatzaile batek zera adierazi zigun: «Ahoa bete hortz geratu naiz. Ehunka eta ehunka eskalatzaile zailtasun guztietako blokeetan ikusi ditut. Gazteak zein beteranoak, herritarrak zein elitekoak... den-dena nahastuta. Egundoko festa izan da, eta oso ingurumari ederrean eskalatu dugu».

Lagun honek zioena aurten motz geratu da; izan ere, Mellobloccoko seigarren aldiak arrakasta itzela izan du. Eta hori, alde guztietatik begiratuta. Hil honen 7tik 10era jokatu da, eta, guztira 37 herrialdetako 2.500 (bai, 2.500) parte-hartzaile jaso ditu. Antolatzaileek baieztatu digutenez, horietako asko eta asko oso gazteak ziren: «Erabat txundituta utzi gaitu haur eta nerabeen agerraldiak. Horrek esan nahi du blokeak oso etorkizun oparoa daukala. Edonork har dezake parte. Eta aurten ere, blokeko txapeldunek, zale amorratuek, gazteek, haurrek... elkarrekin eskalatu dute. Ospakizun kolektiboa da, eta seigarren aldi honetan izan direnek hori asko eskertzen dute».

Inolako zalantzarik gabe, nazioarteko blokeko meeting entzutetsuenaren aurrean gaude; Mellobloccok ia dena bere baitan jasotzen baitu. Eta hori diogu, ingurumena ere erabat errespetatzen duelako. Blokeetara soilik oinez edo autobusez irits daiteke. Kontuan hartu behar dugu ekimen hau jokatzen den ingurua Lombardiako naturgune handiena dela.

Ondra handia

Blokeetan eskalatzeaz gain, Mellobloccok egitarau zabala izan du: musika, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak...

Antolatzaileek eskalatzaile uholdea espero zuten, eta, hori ikusita, Mellobloccok dituen 700 blokeei beste 300 proposamen gehitu dizkiete.

Anthony Lamiche, Barbara Zangerl, Cedric Lachat, Christian Core, Daniel Woods, Gabriele Moroni, Gareth Parry, James Pearson, Nalle Hukkataival, Nicole Favresse, Olga Bibik... finean, goi mailako izar horiek eta askoz ere gehiago blokeko ekimen honetatik pasa dira. Eta, jakina, aurten izen handiko beste izarrek ez dute hutsik egin nahi izan.

Nesken lehiaketari dagokionez, aipatu behar da Errusiatik iritsitako espezialistek oso maila handia erakutsi dutela. Puntuatzen zituzten blokeen zenbaketa egin ondoren, sei eskalatzailek 8na bloke poltsikoratu zituzten; horietatik bost errusiarrak ziren. Alexandra Balakireva, Silvie Rajfova, Yulia Abramchuck, Olga Bibik, Anna Gallyamova eta Chloe Graftiaux belgikarrak lehen postuan berdindu zuten.

Mutilen agerraldiari dagokionez, inolako zalantzarik gabe, Adam Ondrak erabat txundituta utzi zituen ikusle guztiak. Gogoratu behar dugu, lau egun horietan zehar 5.000 ikusle inguru izan zirela.

16 urteko txekiarrak, besteak beste, igo gabeko zailtasun handiko bloke batzuk poltsikoratu zituen. Horien artean, Bimbo bello (Ondrarentzat 8b gradukoa) eta 8a-tik gorako zortzi proposamen.

Zortzi bloke lortu zituen, baina harrigarriena ez zen hori izan; ez horixe. Goi mailako espezialista asko bat edo bi blokekin geratu ziren. Besteak beste: Klemen Becan, Mauro Calibani, Daniel Woods, Nalle Hukkataival, Tony Lamiche...

Ondraren atzetik, Guillaume Glairon Mondet 5 blokekin sailkatu zen eta Alexy Rubtsob 4 proposamenekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo