Gazumen egin nahi duten «astakeria» salatzeko elkarretaratzea egin dute
Errezilgo herritarrek eta udal hautetsi guztiek, inguruko herrietako udal hautetsi askok, eragile sozialek, mendizaleek eta naturazaleek uste dute Gazumeko mendilerroan egin nahi duten parke eolikoa erabateko astakeria dela, eta horregatik, ingurune eder hori bakean utz dezaten aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo. 100 metroko garaierako 15 aerosorgailu eraiki nahi dituzte, baina herritarrek energia kontsumoaren gaineko hausnarketa eskatzen dute.
GARA |
«Gazumen zentral eolikoa egitea justifikatu ezin den astakeria dela uste dugulako, proiektu hori bertan behera uzteko eskatzen dugu». Atzo Zelatunen bildutako dozenaka lagunek argi zuten zein den beren xedea. Izan ere, iragan asteartean Errezilgo alkate Iñaki Oiartzabalek prentsaren aurreko agerraldian nabarmendu zuen bezala, bera bezala herriko zinegotzi guztiak egitasmo honen kontra daude, baita inguruetako herrietako beste hainbat udal ordezkari ere. Beraien iritziz, «herritarren nahiak ezin dira horrela gutxietsi, halako eragina izango duten proiektuak gauzatzerakoan».
Eta iritzi horrekin bat etorrita, jende mordoa bildu zen atzo muinoan, «Gazumen ez, mesedez» zioen pankarta erraldoi bat lagun zutela.
Asteartean izandako agerraldian azaldu zutenez, iragan martxoaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Orisol S.L. enpresak, Lakuako Gobernuaren eskaintzari erantzunez, Gazumen eraikitzeko proposatzen duen parke eolikoaren administrazio-baimenaren eskaera espedientea eta instalazioaren ingurumen eraginaren deklarazio-txostena argitaratu ziren. Enpresa horrek aurkeztutako proiektuan proposatzen da aipatu mendilerroan 100 metrotik gorako garaiera duten 15 aerosorgailu jartzea; horretarako, 7 metro zabaleko pista berriak eta 7,7 kilometroko luzerako goi tentsioko linea berria eraiki beharko lirateke. Egitasmo horrekin, finean, Gazume eta bere inguru naturala industrializatzea proposatzen da, eta horregatik «erabateko gaitzespena» eta beren desadostasuna adierazi nahi izan dute inguruko herritarrek eta eragileek.
«Diskurtso faltsua»
Ildo horretan, «energia eolikoaren aitzakiarekin aurkezten zaigun energia berriztagarrien diskurtso faltsua» salatu dute, beraien aburuz, «energia-iturri berriak bilatzen hasi aurretik, gure energia kontsumoa aztertu eta gutxitzeko ahaleginak egin behar direlako». Izan ere, nabarmendu dutenez, «energia-iturri berriak bilatzeak ez digu arazoa konpontzen lagunduko, energia kontsumoa etengabe handitzen dihardugun bitartean».
Horrekin batera, proiektuaren kontra daudenek gogora ekartzen dute parke eolikoek, paisaian eragiten duten eraginaz gain, urrunetik entzuten den zarata sortzen dutela, eta eraikuntza-fasean landa-lurraren galera handia eta faunan zein landaredian «kalte neurtezina» eragiten dituztela. Hori guztia kontuan hartuta, uste dute «proiektuaren beharrak ez lukeela zalantzarik eragin behar», baina, kasu honetan, «Gazumeko parke eolikoaren proiektuan bertan esaten da aerosorgailu hauek urteko ehun egun baino gehiagotan geldirik egotea aurreikusten dutela». Beraien ustez, «etekin horrek ez du justifikatzen tamaina horretako txikizioa».
Gazumeko zentral eolikoa Lakuak 2002an onartu zuen EAEko energia eolikoaren Zatikako Lurralde Planean proposatutako proiektua da. Iaz, Gasteizko Ganberan plan hori berrikustea onartu zen.
Gazumeko mendilerroa Ernio-Gazume Interes Komunitarioko Gunean (IKG) kokatzen da, Pagoetako IKGtik, Pagoetako Parke Naturaletik eta Izarraizko IKGtik gertu, eta Aralarko Parke Naturalaren gaineko ikuspegia du.