GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Arrospide, Larretxea, Lopez eta Nazabal finalerdietan dira

Miel Mindegia beteranoak ezin izan zituen final-laurdenak gainditu. Iraupen probara arte bazituen aukerak, baina hor tarte dezentea kendu zion Lopezek.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Arrospidek, Larretxeak, Lopezek eta Nazabalek lortu dute Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela. Aurretik iragar zitezkeen aizkolariak arituko dira finalean sartzeko lehian. Ezustea izan litekeen bakarra, Lopezek Mindegia menderatu izana da, baina Lezaungoa azkenaldian bikain dabil, eta beste behin ere garbi utzi zuen hori.

Lau saioetan lan bera egin behar zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu behar zuten. Hirugarrenik, 60 ontzakoa zeinek azkarrago bota, eta laugarrenik, kana-erdikoa zutik bota behar zuten. Amaitzeko, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren.

Herenegun gauean, Arrospidek Atutxa gaztea menderatu zuen. Leaburukoa jaun eta jabe izan zen, eta saio bat ez beste guztietan nagusi izan zen bera. Galdu, iraupeneko proba galdu zuen, baina ordurako tarte handia zuen alde, eta inoiz ez zuen izan sailkapena arriskuan. Amaieran, lan guztiak burutzeko 16 minutu eta 22 segundo behar izan zituen, eta Atutxak, berriz, 17 minutu eta 50 segundo behar izan zituen.

Lopezek, Miel Mindegia beteranoa hartu zuen mendean. Saio gogorra eskaini zuten, baina Lezaungoak tarte handia kendu zion iraupen proban, eta horrek erabaki zuen saioa.

Mindegia abiadura proban eta 60 ontzakoarekin nagusitu egin zen, baina Lopezek aurrea hartu zion beste hiruretan. Hala ere, azkenekora bakarrik bi segundoko aldearekin iritsi ziren, baina amaieran Lopezek ez zuen barkatu. Denetara, 14 minutu eta 19 segundo behar izan zituen berak, eta Mindegiak, berriz, 15 minutu eta bi segundotan burutu zituen egin beharreko lanak.

Atzo ere ez zen ezusterik izan. Larretxeak Arria menderatu egin zuen. Zutikako lanak erabakita utzi zuen dena, ia minutu bateko tartea kendu baitzion. Errezildarrak abiadura proba bakarrik bereganatu ahal izan zuen, gainerakoak nafarrak eraman baitzituen. Lan guztiak burutzeko 17 minutu eta 5 segundo behar izan zuen, eta errezildarrak, berriz, 18 minutu eta 43 segundo behar izan zuen.

Nazabalek ere irabazi egin zuen, Azurmendiren aurkakoan. Hor ere zutikako enborrean geratu zen erabakita saioa. Bost probetatik, soilik abiadura proba bereganatu zuen gipuzkoarrak, gainerakoak Etxarrikoak irabazi baitzituen. Lan guztiak 14 minutu eta 34 segundotan burutu zituen, eta Azurmendik, berriz, 16 minutu eta 10 segundo behar izan zituen.

23 urtez azpikoetan, Saralegik eta Erasunek mendean hartu zituzten Kañamares III.a eta Rodriguez II.a

 

Finalaren atarikoa

Finalerdiak noiz eta non jokatuko diren erabakita dago. Maiatzaren 24an Larretxea Arrospideren aurka neurtuko da Maeztun, eta astebete geroago, berriz, Lopez eta Nazabal izango dira aurrez aurre Kuartangon.

Gazteak

23 urtez azpikoetan bi saio jokatu dira, eta bietan, gainera, 19 urtez azpikoetan ere aritu diren bi gaztek egin dute aurrera. Saralegik Kañamares III.a menderatu zuen, eta Erasunek, berriz, Rodriguez II.a.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo