Buruz Buruko Txapelketa
Apustuan dirua irabazi edo galdu, ia denak pozarren
Pilotari eta jokoari berari emandako bizitasunagatik lortu zuen Irujok finalerako txartela Atano III.a pilotalekuan. Bengoetxea VI.ak neurketa ona egin zuen, baina zorteak huts egin zion zenbait unetan.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Juan Martinez de Irujok ez zien hutsik egin bere alde apustu egin zuten jarraitzaile guztiei. Ez berak, eta ez Oinatz Bengoetxeak ere. Batzuek dirua irabazi zuten atzo; beste batzuek galdu. Baina denek gozatu zuten pilota partida bikain batekin.
Astean zehar ikusi denagatik, Donostiako Atano III.a pilotalekuak festa itzela eskaini behar zuen igande arratsalderako. Aurrez aurre, egungo txapeldun Bengoetxea VI.a eta aurtengo txapela lortzeko faborito nagusietako bat den Irujo. Apustuek bigarrenaren alde egiten zuten. Hala, partida hasi aurretik, 50 100i zeuden apustuak, Irujoren alde.
Buruz Buruko finalerdietako neurketa honek, zenbait arrazoirengatik, ikusmin handia sortu du aste osoan zehar. Alde batetik, bi pilotarien joko berdintsua. Izan ere, Leitzakoak eta Iberokoak oso joko azkarra erabiltzen dute aurkariari min egiteko. Arma sendo hori erabili zuen Aspeko aurrelariak markagailuan 0-6 aurreratzeko.
Baina tentsioa ere oso nabaria zen kantxa barruan. Ondo ateratzen ez zaion zerbait egiten saiatu zen Irujo: dejada urrunetik. Eta hor agertu zen Patxi Eugi Iberokoaren botileroaren haserrea, bere ardurapean dagoen kirolariari nolabaiteko errieta egiteko. «Piloteatu, piloteatu», errepikatzen zion pilotari ohiak Irujori.
Bengoetxea, aldiz, markagailuan atzetik aritu zen partida osoan, baina neurketa ona eginez. Leitzarrak ezin du aitzakiarik atera, ahal zuen guztia erakutsi baitzuen kantxa barruan: dejadak, bi paretak, sotamanoak...
Sakez ere bi tanto egin zituen Asegarceko aurrelariak. Horietako bat, gainera, oso era burutsuan. 8-11 zihoazela, Bengoetxea VI.ak sakea egin zuen, baina Irujo aurreratu zela ikustean, ezker hormara primeran baztertu zuen pilota. Iberokoak ezin izan zion erantzunik eman -ez zuen ezta pilota ukitu ere, gainetik pasa baitzitzaion-.
Atsedena hartu zuten momentu horretan bi protagonistek, baina Oinatz eseri egin zen bitartean, Juan zutik geratu zen, Eugirekin hizketan, neurketa lehenbailehen amaitu nahi izango balu bezala.
Irabazlearen zortea
Partidako lehen berdinketa ikusteko neurketaren erdialdera arte itxaron behar izan zen. Oinatzi bikain burututako bi paretak ekarri zion 11. tantoa.
Hortik amaiera arte Irujo argi eta garbi aritu zen aurretik markagailuan. Zortea ere lagun izan zuen nafarrak, 13-20 tantoan bezala. Oinatzek menpean zuen Juan, baina leitzarrak atzera bidalitako pilota bati erantzun ezin hobea eman zion Irujok, gorputzari buelta osoa emanez, eta pilota justu-justu txapa gainean ipiniz.
Behin garaipena lortuta, Irujok Beloki edo Olaizola II.a izango du Buruz Buruko final handiko aurkaria. Bigarren finalerdia, berez, datorren asteburuan jokatzekoa da, baina Belokik, eskuineko eskuko behatzean duen mina dela-eta, atzerapena eska lezake bihar egingo duen proban.