GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

«Hitzetik Hortzera» saioak hogei urte bete, eta ospatu egingo ditu

1988ko abenduan pantailaratu zen aurreneko aldiz bertsolaritza ardatz duen «Hitzetik Hortzera» saioa Euskal Telebistan. Aurtengoa 20. denboraldia du, beraz, eta ibilbide borobil hori egoki ospatzeko maiatzaren 22an Bilboko Kafe Antzokian jai bat ospatzekoak dira.

p051_f01_148x76.jpg

 

GARA | BILBO

Ronald Reagan eta Mikhail Gorbatxov omen ziren munduan nagusi, «Hitzetik Hortzera» saioa aurrenekoz telebistan bota zutenean, eta bertsotan, Xebastian Lizaso genuen Euskal Herriko txapelduna. Orduz geroztik gauza batzuk dezente mudatuta daude, baita saioan ere. Beste batzuk ez dira batere aldatu, ezta «Hitzetik Hortzera»n ere.

Aurten, beraz, 20 urte betetzen ditu telebistako saio honek, eta hainbeste merezi duelakoan festa batekin ospatuko dute datorren ostiralean, maiatzak 22, Bilboko Kafe Antzokian eta gaueko hamarretan.

Urte guztiotan aurkezle izandakoen agerraldiek gidatuko dute festa eta 30en bat bertsolarik kantatuko dute oholtzatik. «Hitzetik Hortzera» hasterako plazaz plaza hamarkadatan ibilitako bertsolariak izango dira Bilbon, baita «Hitzetik Hortzera» baino gazteago izanagatik gaur egun plazaz plaza dabiltzanak ere. Atzera begirako uneak izango dira (tamainan, ez diogu-eta nostalgiari gain hartzen utziko), eta gaur-gaurko gaiei ere kantatuko diete bertsolariek. Gainera, etorkizuneko iragarpena ere egingo du sorgin batek, betiere bertsotan.

Egunotan festaren prestaketan buru-belarri ari da saioko lantaldea, bertan bildu nahiko lituzketelako «Hitzetik Hortzera»n aritutako profesionalak, «Hitzetik Hortzera»k protagonista izan dituen bertsolariak eta «Hitzetik Hortzera» jarraitu duten bertsozaleak. Festan parte hartzeko gonbidapena beharko da, eta lortzeko, 943 36 03 04 telefonora deitu edo hh20@digitalak.com helbidera idatzi.

Aldaketa franko

Saioa 1988an jarri zuten abian, «Ahotik Ahora» izenarekin eta hileroko maiztasunarekin, eta Hasier Etxeberria zuen zuzendari. Hurrengo urtean, Joxerra Garziaren zuzendaritzapean diseinu eta izen berriko programa sortu zen, 1995ean, Euskal Telebistarekin izandako desadostasun batzuk zirela kausa, emisioa hiru denboraldiz eten zen arte.

Txapelketa Nagusiarekin itzuli zen saioa 1997an, Maite Odriozola zuzendari eta Iñigo Aiestaran aurkezte zituela. Josu Goikoetxeak hartu zuen gero programaren zuzendaritza, eta baita aurkezle lanak bete ere, hasieran Arantxa Hirigoienekin batera, eta gero berak bakarrik, 2005. urtera arte.

Hortik aurrera Felix Irazustabarrena izan da zuzendari eta Saroi Jauregi aurkezle, iaz zuzendaritzan Jon Artanori eta aurkezle lanetan Amaia Uriberi txanda pasa zieten arte.

OSPAKIZUNA

«Hitzetik Hortzera» saioko egungo lan taldeak maiatzaren 22an Bilboko Kafe Antzokian ospatuko duten jaian bildu nahi ditu programan aritutako profesionalak, protagonista izan dituen bertsolariak eta «Hitzetik Hortzera» jarraitu duten bertsozaleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo