«Drama pare batean aritu ostean, barre eragingo zidan zerbait behar nuen»
Aizpea Goenaga
«Sukalde kontuak» filmaren zuzendaria
Andoainen, Donostian, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan estreinatu ostean, gaur iritsiko da zinema aretoetara Aizpea Goenagaren lan berria. Sukalde kontuetan aritzea atsegin du aktore, zuzendari eta gidoilari donostiarrak, eta pozik agertu da filmak izan duen lehenengo harrerarekin.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Aizpea Goenaga lehenengoz kameraren atzean jarri da eta umorezko istorio korapilatsua izan da aitzineko lanaren emaitza. Sukalde eskola batean ustekabean agertzen den altxor batek iskanbila luzea ekarriko du ikasleen artean, bai eta dirutzaren jabe egin nahi duten bizilagunen artean ere. Aktore beterano eta hasiberriak izan ditu osagai nagusi, eta hamaika kameoren laguntza ere jaso du zuzendari donostiarrak lana biribiltzeko.
Aurre-estreinaldi eta estreinaldiekin buru-belarri zabiltzate azken egunetan. Donostian, Bilbon, Andoainen eta Bartzelonan aurkeztu duzue filma, Nolakoa izan da harrera?
Lehenengo emanaldia Andoainen egin genuen eta, benetan esaten dizut, ez nintzen pertsona. Oso urduri nengoen. Inork ez zuen pelikula ikusi, soilik Madrilgo teknikariek. Ez zuten euskaraz ulertzen, baina animatu egiten ninduten: «No entiendo nada pero está muy bien, me he reído mucho», esaten zidaten. Andoainen izandako harrera, eta ikusleen irribarreak ikustea zoragarria izan zen. Ez nuen inoiz horrelako harrerarik izango zuenik pentsatu. Bartzelonan ere oso gustura egon ginen. Filma oso ondo ulertu zuten ikusleek, bertako hedabideek oso harrera ona egin ziguten eta oso gustura gaude.
Zer iruditu zaie aktoreei?
Beldurra neukan, bestetik, aktoreek nola ikusiko ote zuten beren burua, baina arnasa hartu nuen. Oso pozik agertu ziren. Nik `martzianada' asko eskatu nizkien filmazioan zehar eta pelikula ikustean ulertu zuten zergatik eskatu nizkien. Niri behintzat asko gustatzen zait aktoreak nola dauden, nik buruan neukan ideian bezala agertzen dira.
Batzuk beteranoak dira, besteak ez hainbeste, eta beste batzuentzat lehenengo kontaktua izan da zinema munduarekin. Erraza izan da ala irakasle lanak egin behar izan dituzu?
Oso ondo joan da dena. Niretzat laguntza izugarria izan da, esate baterako, Barbara (Goenaga) nire ondoan egotea, neurri batean zinea ezagutzen ez zuen jendea zegoelako, orduan zine mundu batean sartzea ez da telebista egitea bezala. Laguntza handia da bera bezalako pertsonak egotea, lana errazten duelako; ez duzu bide hori egin behar, taldean sortzen doalako eta beraiek eramaten dute zinea egitearen dinamika hori.
Bada denbora euskarazko umorezko filmik egiten ez dena. Nondik sortu zitzaizun ideia hori?
Drama pare batean ari nintzen lanean eta zerbait desberdina behar nuen. Denbora asko neraman gainera proiektu batzuekin borrokan, ateratzen zirela eta ez zirela ateratzen... Behar nuen zerbait barre eragingo zidana eta horretan disfrutatuko nuena. Gidoi horrekin nire kasa hasi nintzen lanean; ordenagailuan gordetzeko egiten dituzun horietakoa da. Produktorari erakutsi nion eta gustatu zitzaien. Publiko guztiari zuzenduta dago, familia osoa joan daiteke zinemara... Aukera horiek ikusi zituen ekoiztetxeak, diru laguntzak eskatzen hasi ginen, bola handitzen joan zen... eta halaxe sortu zen historia.
Harrigarria da filmean agertzen den kameo kopurua. Zaila izaten da hainbeste profesional kameo lanetarako biltzea.
Luxu handia izan da, baina uste baino errazagoa izan da. Barbararekin, adibidez, (bere iloba eta pertsonaia nagusienetakoa da) nahiko zaila egin zitzaidan lan honetan parte hartzeko eskatzea, konpromiso bat izan zitekeela iruditzen zitzaidan, berak egun batean bertan parte hartu nahi zuela esan zidan arte. Pisu ederra kendu nuen gainetik orduan! Ez nintzen ezer esatera ausartzen! Marivi Bilbaorekin ere gauza bera gertatu zitzaidan eta bere erantzuna ezin hobea izan zen: «¡Bueno! ¡Qué alegría! ¡No me quería morir sin hacer una peli contigo! ¡Ya me puedo morir tranquila!», esan zidan. Hor daude baita ere, Oscar Terol eta Oscar Jaenada -oso urduri jarri nintzen berari eskatzerakoan-, Juan Mari Arzak... Bi egunetan pentsatzen aritzen nintzen zein izan zitekeen momenturik egokiena telefono deia egin eta mesedea eskatzeko, eta ondoren erantzunik onena jasotzen nuen beraien aldetik. Zorte handia izan dut alde horretatik. Gainera, oso mundu desberdinetatik datozen aktoreak dira, ez dira betikoak.
Roberto Alonso etorkina da, euskaldun berria, eta beste bi pertsonaia etorkin ere agertzen dira filmean, zer-nolako esperientzia izan da haiekin lan egitea?
Roberto Alonsoren (Alberto) papera ere oso interesgarria da, baita gainontzeko etorkinek egiten dutena ere. Roberto oso pertsona berezia da. Daukan berezitasun hori eta freskura hori, ematen dizun guztia hain da polita utzi egin behar zaiola daukan hori agertzen.
Hemendik aurrera zein etorkizun dauka pelikula horrek? Zer aurreikus daiteke?
Bihar (gaur) zinema aretoetan izango da ikusgai eta gure esperantza film honen bidea, neurri handi batean behintzat, ahoz aho zabaltzean oinarritzen da. Sare bat sortzea gustatuko litzaiguke. Jendeak ondo pasa duela entzutean, aurreko estreinaldietan bezala, badakizu jendeak filmaz ondo hitz egingo duela eta ideia hori zabaltzea nahi dugu.