Eszenak
Umeak ginenean...
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Helduek hogeita hamar inguru zituzten, putzua ozeanoa zen eta heriotza laua eta leuna, ez zen oraindik existitzen».
Mario Benedetti joan zaigun maiatz triste honetan euria egin du, oraindik ere euria ari du eta euria egingo du gero ere. Eta euri tanta hotzak malko epel bilakatu dira gure masailean, eta tristeak izatetik, alai eta eder bilakatu dira putzuetan dantzan aritu ziren Circo Éloise taldekoekin gertatu bezalaxe. Euriak berpizteko ahalmena baitakar sakonean, negarrak bezala, eta belar, lore eta zuhaitzentzat elikagai den moduan, antzerkia ere elikagai bikaina da arimarentzat. Eta, antza denez, antzerkia lorez beteriko belardi bilakatu da maiatz euritsu honetan, izan ere, antzokiak, kaleak eta tabernak antzerkiz beterik dauzkagu. Poltsiko antzerkiak berean dirau datorren igandera arte, Usurbilgo sagardo egunera arte, eta orain arte ikusi ditugun lanetan, kalitatea, umorea eta giro ona nagusitu dira. Aurtengo edizio honetan, jende asko dabil gure hiriko tabernetan, antza denez, garagardo tragoekin barrearen ondoriozko eztarri lehorrak baretu nahian.
«... Gero gazte ginenean,helduak berrogeikoak ziren, urmaela ozeanoa zen eta heriotza hitza baino ez ...».
Heriotzak bizia omen dakar eta biziak, ospakizuna. Eta ospakizun egunetan murgilduta dugu aurten Leioako Umore Azoka. 95eko ekainean hasitako abentura hura, ume hura, gaztetxo bilakatzen hasia baita, putzua ozeanoa zen garaikoa, eta kaleko antzezpenekin pixkanaka gizentzen hasi zen haur hura, Leioako Umorearen Kaleko Artisten Azoka bilakatu zen bost urte baino ez zituenean. Eta aurten hamar urte bete ditu dagoeneko. Hilaren 21etik 24ra arte egiten den azoka hau, ezinbesteko hitzordu, erakustoki eta kaleko arteetan parte hartzen duten gizarte eragileen topaleku bihurtzen da urtean behin. Kaleko arte eszenikoen lan berri-berrienak ezagutzeko aukera aparta eskainiz. Eta aurtengo X. edizio honetan, Euskal Herriko hamabi talderen estreinaldiak ikusi ahal izango ditugu, eta baita Txile, Belgika, Katalunia, Aragoi, Frantzia, Kanada, Australia, Galizia eta Japoniatik etorritako lanak ere.
«... Eta ezkondu ginenean, agureak berrogeita hamarrean zeuden, aintzira ozeanoa zen eta heriotza besteen heriotza zen ...»
Eta ba ote dago zoo barruan preso bizi diren animaliena baino heriotza latzagorik? Edota burdinaren bestaldean dagoena dago preso?... Hona hemen galdera. Eta galdera honi erantzuna topatu nahian ariko zaizkigu bihar Gazteszena aretoan estreinatuko den Ertza dantza taldekoak euren azken ikuskizunarekin, «Zoo» lanarekin hain zuzen ere. Asier Zabaletak sortu eta zuzenduriko dantza talde honek, gizaki talde bat espazio murritz batean ikusteko aukera eskainiko digu. Habitat berri batean hauek guztiek nola jokatzen duten ikusteko aukera, voyeur baten pare. Beraz, animalia hauen erreakziorik bortitzenak ikusteko beta izango dugu baina... pribilegio honek ordain bat ekar dezake bere magalean, zoo horretan, geure burua ikustearen ordaina.
«...Orain eskarmentu handikoak gara, egia eskuratu dugu eta ozeanoa ozeano da azkenean, baina heriotza, geure heriotza izaten hasia da.»