Eszenak
Kukubiltxok bi lan berri eta moldaketa bat eskainiko ditu hurrengo hilabetetan
GARA | GASTEIZ
Atzo hasi zen Leioako Umore Azokan bi lan berri estreinatu zituen Kukubiltxo antzerki taldeak. Horrez gain, iaz estreinatutako «Haritzaren azalera zehatza» antzezlanaren formatu txikia aurkezten dabil egunotan. 30 urte luze dituen konpainia hau talde gazte eta berritzaile izaten jarraitzeko duen intentzioa azalarazten da.
Lehenik eta behin, Aritza Rodriguezek idatzi eta protagonizatzen duen «Mortimer» lana ikusi zen lehendabizi atzo Ikea Barri enparantzan. Ikuskizuneko pertsonaia nagusia azken bidaiarako prestatzen dabil, «beste mundura» joan nahi baitu bere maitalearengana. Bakarrizketa honetako zuzendariak Gorka Zero eta Josu Camara dira.
Hurrengo astean, hilaren 27an, antzezlan hau eta «Haritzaren azalera zehatza» aurkezten izango dira antzerki taldekoak Matienako Errota aretoan. Taldekoek azaldu dutenaren arabera, antzezlanaren formatu txikiaren ezberdintasunak «behar teknikoak eta eszenografiaren neurriak dira». Hortaz, oraingoan ere, Aristides Vargasen testuarekin jarraituko dute. Bertan Saioak, neska itsu batek, bere itsutasunean barrena bidaiatuko du inguruko mundua hautemateko. Iluntasuna izango du bidaide, iluntasunean ikusi beharko du. Lan hau izan zen, berritzen jarraitzeko helburuz Kukubiltxok egin zuen apustu nabarmen bat, helduentzat zuzendutako lehen obra prestatu zuenean.
«Xahutzeko eskubidea»
Atzo Leioan izandako jardunaldian beste estreinaldi bat ere izan zen, «Xahutzeko eskubidea» antzezlanarena hain zuzen. Lan honetan, taldekoek azaldu dutenez, «bi pertsonaiak ezin diote kontsumitzeko beharrari eutsi». Gauzak izateko beharra eta daukatenaren itxura egin behar dute. Helburu honetan, «merkataritza-marka ezagunen erosketa-poltsez goraino kargatuta doaz, arropaz eta mota guztietako gauzaz bete-beteta». Baina gertatu ohi den bezala, ezingo dute guztia eraman, «gauza bat hartzeko, beste bat erortzen utzi behar dute, nahitaez».