Joseba Azpeitia Eizagirre Arroa (Zestoa)
Zein da PNV-EAren herrigintza eredua?
Zestoan, apirilaren 30ean izandako udal batzarrean aurkeztu ziren aurrekontu proposamenak ikusteko aukera izan dugu. Udal kudeaketan ari den ezker abertzaleak krisi garaira egokituriko aurrekontuak aurkeztu zituen. Orain artean Udalak ematen zituen zerbitzu eta laguntza guztiak mantendu eta zorpetze maila neurri onargarrietan utziz. Aldiz, PNVk aurkeztu eta EAk inongo aldaketarik gabe bere horretan babestu zituen aurrekontuek herrigintzan hain garrantzitsuak diren hainbat diru partida moztu edo ezabatzea ekarri zuten. Horrela, kultur arloko taldeei aitorturiko laguntzak, festak antolatzeko, kirol taldeei, herri guneko ekipamenduak, turismo ekimenerako, auzo bideen eta kaleen kontserbaziorako, presoen dispertsio gastuetarako... neurri handian murriztu zituen. Beste atal batzuk, berriz, nazio eraikuntzarako, liburutegi berria egokitzeko edo zabor tratamendurako alternatibak egikaritzeko (herri galdeketa bidez herritarren %91ren oniritzia zuen erabakia) diru sailak murriztu ez baizik eta aurrekontuetatik ezabarazi zituzten.
Horrela, ezker abertzaleari «tori eta jan ezak» adierazi nahi izan zaio krisiaren aitzakiapean. Motzean eskuak lotu eta herritarrei «hauek oinarrizko kudeaketarako ez dute balio» moduko mezua helarazi nahi izan diete.
Bitartean, ahaztu egin zaie bai PNVri bai EAri hain zuzen ere beraiek kudeatzen duten Foru Aldundian (ezker abertzaleari ezarritako apartheid egoeraz baliatuz) enpresen irabaziei ezartzen zaien Sozietate Zerga eta Ondarearen Gaineko Zerga murriztu izana. Zerga hauen murrizte edo ezabatzeak eragin nabarmena du udalek Foru Aldunditik eskuratzen duten diru sarreren gutxitzean.
Beste behin ere, politika neoliberalen bitartez aberatsenei askaturiko gerrikoarekin estu lotu nahi izan dituzte herri proiektuak. Hau al da PNV-EAren herrigintza eredua?