Juan Luis Mugertza
Irentsi
Igandea, bapo bazkalduta, eta siesta egin beharrean, pantailari begira nago bake santuan egondako hitzak esnatu nahian. Egiatan, ez dakit zertarako tamaina honetako balentria, ze, egun, oraingo martxari eusten badiogu, irakurtzea -eta zer esanik ez euskaraz- muturreko ekintza subertsibo bihurtuko baita, eta subertsiboa izatea... Baina tira, askok Athletic! Athletic! esanda bizitzaren elixirra aurkitu bitartean, besteok gure kontzientzia zuritze aldera-edo, paperaren pusketa erabiltzen dugu gure barne lelokeriak murtxikatzeko eta egunero sistema honek elikatutako zaborra digeritzeko-edo, ze dagoeneko «duintasun» hitzaren irensle profesionalak bihurtu baikara. Baina gureak, birziklatutakoak ez bezala, oka eragiteko baino ez baitu balio. Greba egitea nahi zuten eta...: «Entzun zenion Sordori, CCOOko idazkari nagusiari? Nik bai, baina berak hemengo sindikatuei -ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU, EHNE...- ez, antza, ze, beraien ustez, grebak ez du ezer lortuko. Hurbildu apurtxo bat ondokoek entzun ez dezaten; baina guk, benetan, mundua aldatu nahi dugu, ala? Zertarako? Ni ondo nago, eta zu? Bai baina... Mesedez, ez hasi orain beraiek bezala. Mundu honetan pragmatikoa izan behar. Bestelako kontuak ipuinak dira, idatzitako iritzi artikuluaren antzekoa. Athletic! Eup!».