GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bilbon atxilotutako hamalau arabiarrak komisarian dira

Komisarian jarraitzen dute atzo Bilbon Polizia espainolak atxilotu zituen hamalau arabiarrek. Horietatik hamahiru aljeriarrak dira eta bestea irakiarra. Ezohikoa bada ere, atzeman dizkieten gauza guztiak, Poliziaren ustez lapurtutakoak, erakutsi nahi dizkiete hiritarrei.

GARA |

Sarekada zabala egin zuen Polizia espainolak asteazkenean Bilbon. Izan ere, hamalau lagun atxilotuta eraman dituzte, erakunde islamiarrak finantzatzeko lanean ari zirela leporatuta. Komisarian jarraitzen dute, inkomunikatuta, itxura guztien arabera.

Poliziaren akusazioak dioenez, garrantzi gutxiko lapurretak eginez dirua biltzen zuten atxilotuek, eta gero Aljerian «terrorismo» ekinbideak finantzatzeko bideratzen zuten. Hala ere, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak oraindik horren «susmoa» baino ez dutela aitortu du. Delitugile «arruntak» direla ziurtzat jo du Rubalcabak, baina horren ondorioz lortutakoa zertarako erabiltzen zuten aztertu behar dutela zehaztu du.

Sarekada burutu ostean, gauza bitxia egin du Poliziak, guztiz ezohikoa: atxilotutakoen etxeetan hartu dituzten objektuak erakusgai jarri dituzte. Horren helburua ustezko lapurretak argitzea da, eta horretarako hiritarren laguntza behar dutela aipatu du Gobernu espainolak EAEn duen Ordezkaritzak.

Jakinarazi duenez, atzemandako objektu gehienak bitxiak eta jantziak dira, eta etxetatik zein dendatatik eraman dituzte atxilotuek, zehaztu gabeko lapurretetan itxura denez. Eta hori guztia argitu ahal izateko, azken bolada honetan honelako delituen biktima izan diren pertsonen laguntza ezinbestekoa dute.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen sarekada. Ikerketa Polizia espainolari zegokion. Eta egindako lana «eragingarria» izan dela nabarmendu du Gasteizen PSOEko Gobernuko ordezkari Mikel Cabiecesek.

Atxilotutako guztiak gizonezkoak dira, eta horien artean adin txikiko bat ere badago, Poliziak jakinarazitakoaren arabera. Hamabi Aljerian jaiotakoak dira eta bestea Iraken. Eta horietatik hiru anaiak dira, 25 eta 37 urte bitartekoak.

7.500 euro

Ohi bezala, «sare» bat osatzea leporatzen die Poliziak. Lapurreten bitartez ez ezik, droga trafikoan ere aritzen zirela gaineratu du. Iturri honen arabera, Aljeriara bidalitako diruaren ziurtagiriak aurkitu dituzte, 7.500 euro, hamalau eskuko telefono, ordenagailu bat, CD eta DVDak, eta lapurtutakotzat jotzen dituzten urrezko eta zilarrezko hainbat objektu.

Horrez gain, lapurtutako pasaporteak, labanak, walkie-talkieak eta beste hainbat objektu hartu ditu Poliziak. Sarekada oraindik zabalik dagoela ere gaineratu du. Gainera, hamalau atxilotu horiekin batera kopurua zehaztu gabeko pertsona gehiago eraman zituzten, aurrekoekin elkarlanean ari ote ziren egiaztatzeko.

Erakusgai

Lapurretan lortutakoa «terrorismoa» finantzatzeko erabiltzen zutelako «susmoa» baino ez dutela aitortu du Rubalcabak. Objektu guztiak erakusgai jarri dituzte, hiritarren laguntza eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo