GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Seaskaren 40. urteurrena

Borrokaz eta lanez burututako «erokeria arrakastatsua»

Zaila da Seaskaren ibilbide gorabeheratsua lerro Gutxi batzuetan azaltzea. 40. urteurrenaren karietara, horretan saiatu ziren astearte arratsean Donibane Lohizunen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolak bateratzen dituen elkarteko hamaika kide.

p026_f02_199x108.jpg

Arantxa MANTEROLA

Oroitzapenak eta bizipenak datu ugarirekin tartekatuta, hizlariek elkarrekin gauzatutako proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Hala, Argitxu Noblia sortzaileak abentura hartan eta geroago ere bidelagun izandako pertsona mordoa aipatu zituen. Bere haurrak euskaraz mintza zitezen, ama-laguntzaile bat hartu zuen, gerora lehen andereño izango zena. Haurrak euskalduntzen zirela oharturik, berehala hainbat lagunenak gehitu zitzaizkien. Ikastolaren lehen hazia ernalduta, 1969ko apirilean Seaska elkartea eratu zen.

Libe Goñi Hego Euskal Herritik etorri berria, irakasle ikasketak burutuak eta jada ikastolaren munduan lehen urratsak eginak zituenak, ez zuen uste Ipar Euskal Herrian ikastolak sor zitezkeenik. Alta, euskal kultura berpizteko giroa eta Euskal Herrian eta Europan zegoen mugimendu politikoaren uhinak iritsiak ziren Ipar Euskal Herrira ere.

Arrangoitzen Garat familiak utzitako lokalean lehen ikastola ireki zeneko garaiak emozioz gogoratu zituen. Hizkuntzaz gainera, euskal kultura eta nortasuna lantzen zituztela nabarmenduta, aipamen berezia izan zuen lehen Olentzero egiten hasi zireneko garaiei. «Orain oso hedatua da, baina ikusi egin behar ziren arrangoiztarren aurpegiak mezetatik ateratakoan, pertsonaia bitxiaren inguruan baserritarrez jantzitako haur, guraso eta irakasle taldea kantuz kausitu zutelarik».

Ikasleen oroitzapenak mahairatu zituen Jokin Etxebarriak, garaiko giro erdaldunean gurasoek egindako lana goraipatuz. «Errefuxiatuen seme-alabez gain, ez genuen euskaraz zekien beste haurrik aurkitzen. Ikastoletan ohartu ginen ez ginela bakarrak eta gure hizkuntzaz harro sentitzen ikasi genuen».

«Baina ikastolak ez ziren deusetatik sortu», adierazi zuen Gexan Alfarok, hasieratik Seaskaren proiektuan buru-belarri aritu den angeluarrak, segidan aurrekariak azaltzeko, horien artean, 1964an Hendaiako Haize Garbia elkartean egindakoa.

Kalapitak

Irakasleek lan militante izugarria egin zuten, besteren artean, ikastolen eredu pedagogikoa finkatzerakoan. Mailux Zaldunbidek ez zuen aho txikia jarri zailtasunak azaltzerakoan: «Presioak zirela-eta kalapita ugari bazen ikastolatik kanpo, baina baita barnean ere». Ikasketen zein mailan sartu frantsesa, zein eredu pedagogiko jarraitu, andereñoen formakuntza, ikasleen ezagutza maila... horiek guztiak eztabaida itzelak sortzen zituztela gogoratu zuen Zaldunbidek.

Xan Koskaratek kanpoko liskarrak izan zituen hizpide. Seaska «bihotza eta borondatea» uztartuz gauzatu da haren iritziz. Helburuak argi zituztela, baita determinazioa ere ziurtatu zuen, mobilizazioa eta borroka etengabeak izan zirela gogorarazteko. Horien artean prefetak 1977an Donapaleuko ikastolaren itxiera agindu zueneko mobilizazioa «mugarritzat» jo zuen Seaskaren hedapenean.

Zazpi urtez Xalbador kolegioaren eraikuntzan egindako lan eskerga ez ezik, «hamaiketako mitikoak» aipatzea ez zuen, ez, ahantzi Miel Torrek auzolanaren giroa irudikatzeko, ezta Guillermo Etxebarriak, eskolaurrea, 1. maila eta 2. maila martxan jartzeko izandako zailtasunak.

Paxkal Indo egungo lehendakariak hasieran Filipe Aramendik aipatutako lan militantearen haritik, belaunaldi berrien erronka «gure nortasuna galdu gabe Seaskaren ateak ahalik eta gehien irekitzea» dela adierazi zuen, eta Hur Gorostiaga zuzendariak, berriz, aurrerantzean dituzten desafioak zerrendatu zituen: mugak dituzten ikasleen integrazioa sare guztira hedatzea, euskal curriculuma osatzea, lizeoa handitzea, hitz batean, Seaska garatzea eta proiektu integral bilakatzea.

Maiatzaren 29an Biltzar Nagusiak oniritzia ematen badu, ekainean Hezkuntza Ministerioarekin izenpetuko duten akordioa sekulako urratsa izango da bide horretan. Borrokaz eta lanez gauzatutako «erokeria eder» horretan urrats berri bat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo