GARA > Idatzia > > Euskal Herria

CADEk galdeketak egingo ditu Lehuntzen, Milafranga eta Hiriburun

Europako hauteskundeak ekainaren 7an izango dira, eta kari horretara, CADE ingurumenaren babeserako kolektiboak AHTren inguruko herri galdeketak egingo ditu Lehuntzen, Milafrangan eta Hiriburun, herritarrek proiektu horren linea berriari buruzko iritzia dezaten.

Ainize BUTRON |

Uztaritze eta Mugerren herri hauteskundeen karietara antolatuak izan ziren AHTren linea berriari buruzko kontsultekin jarraitzea erabaki du CADE ingurumenaren babeserako kolektiboak. Ekainaren 7an, Europako Parlamenturako hauteskunde egunean, Lehuntzen, Hiriburun eta Milafrangan bozkaguneak kokatuko ditu, herritarrek AHT linea berriaren inguruan beren iritzia agertu dezaten.

Aurreko bi ekimenetan linea berriaren aurkako jarrerak gehiengoa jaso zuenez, beste hiru erreferendum horien bidez, «herritarrek linea berriaren proiektuari ematen dioten harreraren irudi» zehatz bat lortu nahi du CADEk.

Burdinbide sarea kudeatzen duen RFF frantses egiturak proiektuari begira ematen ari den pausoei mobilizazioaren bidez erantzuteko ahalik ez zutela onartu zuen Victor Pachon CADEko arduradunak.

«Gure aukera bakarra herritarren ahal bezain hurbileko informazio bilkurak antolatzea da», argitu zuen. Horrela, otsailaren 10ean RFFekin izandako azken agerpenaren ondotik, herrietan bilerak antolatzen aritu da kolektiboa, eta orotara, bi mila bostehun lagun inguru hurbildu zaizkiela nabarmendu zuen.

Azken hiru erreferendumak herriko etxeen baimenarekin antolatuko dira, eta CADEk proiektuari babesa ematen dieten egiturak ekimen horretan parte hartzera deitu zituen.

«Bilera horietan herritarren kexua da nagusi, askok bertan izaten baitute linea berri horrek eragingo lukeen hondamendi gehiegikeriaren berri», goraipatu zuen Pachonek. Herritarrekin batera, hautetsien gehiengoak ere beraien iritziarekin bat egiten dutela gaineratu zuen. «Proiektuari buruz ikerketa independentea lantzen ari den ikerketa bulegoaren emaitzen bea gaude, eta espero dugu horiek ere gure esanekin bat eginen dutela», esan zuen.

Kontraesanak

Pachonek, izan ere, azken garaiotan AHT linearen inguruan dagoen informazioan kontraesanak daudela salatu zuen. Proiektua finkatu eta hiru urte geroago trenbide autobidearen bideragarritasuna aztertzeko bultzatua izan den ikerketa jarri zuen adibide gisa. Horrez gain, krisia dela-eta, azken datuen arabera, Hendaia eta Irun arteko merkantzia garraioari dagokionez %8,5eko beherakada aurreikusten zela gogoratu zuen Pachonek. «Veolia enpresa aipatu zen linea berri horretan merkantzia garraiatzeko. Alta, azken enpresa horrek argi adierazi du, berriki, merkantzien garraioa baztertu nahi zuela bere ekintzetatik», bukatu zuen.

Eztabaida

Ekainaren 13an, Uztaritzen, garraioari buruzko urteroko eztabaida antolatuko du CADEk. Aurten tren merkantziak aipatuko dituzte, sindikatuak eta bide garraioen frantses federakuntza bertan izango direlarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo