GARA > Idatzia > > Mundua

Yemengo hegoaldeak independentzia eskatzen jarraitzen du 19 urte geroago

Iparraldea eta hegoaldea batu zireneko 19. urteurrena ospatu zuen atzo Yemenek desfile militar batekin. Bertan izan zen Ali Abdallah Saleh presidentea. Hegoaldearen independentzia eskatzen dutenek protesta egin zuten Adenen. Poliziak hiru lagun hil zituen.

GARA |

Hegoaldearen independentzia aldarrikatzen dutenen aurrean «indar erakustaldia» egin zuen atzo Yemengo presidente Ali Abdallah Salehek. Ipar Yemen eta Hego Yemen 1990eko maiatzaren 22an batu ziren arren, ospakizunak egun bat aurreratzea erabaki zuen. 19. urteurren honetan, desfile militar ikusgarria egin zuen Sana hiriburuan. Ordubete baino gehiagoz Indar Armatuetako eta Guardia Errepublikarreko 30.000 kide igaro ziren presidentearen aurretik. Desfilean Errusian egin tanke zaharrekin batera egungo arma modernoak erakutsi zituzten.

Gobernuaren gertuko informazio iturriek AFP albiste agentziari helarazi ziotenez, halako «indar erakustaldia» hegoaldearen independentzia, bai Yemenen bertan bai atzerrian aldarrikatzen dutenei zuzenduta zegoen. Estatuaren zatiketarik ez duela onartuko argi utzi nahi izan zuen presidenteak.

1967tik 1990ra, hegoaldeak Yemengo Herri Errepublika Demokratikoa izena hartu zuen, lehen estatu sozialista arabiarra izanik. Iparraldearekin hainbat tirabira izan zituen, tartean bi gerra, 1972an eta 1979an. 1981n, estatu bakar bat osatzeko konstituzio baterako proiektua adostu zuten. 1990ean bat egin zuten, eta Saleh, Iparraldeko presidente 1978az geroztik, estatuburu izendatu zuten.

1994an, Iparraldeko Armadak, Afganistanetik bueltan zetozen borrokalarien sostenguarekin, independentzia lortzeko saiakera bat gogor erreprimitu zuen.

Hegoaldeak lau bat milioi biztanle ditu eta iparraldeak, berriz, hogei. Biztanleriaren zati batek, iparraldeak «kolonizatu» dituela uste du.

Krisialdi ekonomikoak azalean zegoen gaitzondoa berpiztu du azken hilabeteetan. Atzo bertan, Poliziak hiru manifestari hil eta beste 30 zauritu zituen Adenen, hegoaldeko hiri garrantzitsuenetarikoan.

3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Cheikh Othmane auzoan batasunaren urteurrenaren kontra. Poliziak benetako balak eta gas negar-eragileak erabili zituen.

Manifestariak talde txikitan banatu ziren. Horietako bat Mansurako ospitalera joaten saiatu zen, zaurituak bertara eraman zituzten-eta.

Atzokoa ez da azkenaldian eginiko protesta bakarra. Apiril bukaeran eta maiatz hasieran, zortzi pertsona hil ziren antzeko manifestazioetan.

Hilaren 17an, hainbatek protesta egin zuten Lahjeko probintzian Gobernuak 8 egunkariren argitalpena behin-behinean debekatu ondoren. Hegoaldean bizi den protesta giroa islatzeagatik hartu zuen halako erabakia Salehren Gobernuak.

presidentea

Hegoaldean dagoen protesta giroa ikusita, Saleh presidenteak batasuna «babesteko» elkarrizketari heldu behar zaiola adierazi zuen. Independentzia eskatzen dutenei aurre egiteko, desfile militar ikusgarria antolatu zuen Sana hiriburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo