GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zigor «eredugarria» eskatu dute Hernaniko alkatearen kontra

Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitia Audientzia Nazional espainolean epaitu zuten atzo, ekitaldi politiko batean atxiloketa aldian torturatuak izan zirela salatu zuten Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarrentzat txalo zaparrada bat eskatzeagatik. «Bat-bateko maitasun adierazpena» izan zela azaldu zuen epaileen aurrean, baina fiskaltzak zigor «eredugarria» eskatu zuen bere kontra ETAri «gorazarre» egitea egotzita.

p020_f01_148x100.jpg

GARA |

Urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazio eskakizuna mantendu zuen atzo Ignacio Gordillo fiskalak Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiaren aurka Audientzia Nazional espainolean izandako epaiketan. ETAri «gorazarre» egitea eta erakunde armatuak eragindako biktimak «umiliatzea» leporatzen dio.

Hain zuzen ere, 2008ko abenduan Iruñeko Anaitasuna pabilioian ezker abertzaleak antolatu zuen ekitaldi politiko batean euskal preso politikoentzat eta, bereziki, Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarren alde txaloak eskatu eta «maite zaituztegu» esateagatik izan da epaitua. Beitialarrangoitiak azaldu zuenez, «bat-bateko maitasun adierazpen bat» baino ez ziren izan bere hitzak, eta gogora ekarri zuen Portu eta Sarasolak atxiloketa garaian torturatuak izan zirela salatu zutela.

Tratu txarrek sorrarazten dioten «gaitzespen sentimenduak» bultzatuta egin zituela adierazpenak esan zuen Hernaniko alkateak, eta bi gazte lesakarrei edozein ekintza leporatu arren, komisarietan tratu egokia eman behar zaiela adierazi zuen.

Azalpenak ematen ari zela, Angela Murillo epaileak torturak jasandako bortxatzaile edo hiltzaile batentzat txaloak eskatuko ote zituen galdegin zion. Beitialarrangoitiak ez zekiela zer egingo zuen erantzun zion. Hala ere, «herritar guztioi dagokigun eskubidea» denez, ez dela «bidezkoa» eta ez direla tratu txarrak gertatu behar defendatuko zuela gaineratu zuen.

Justizia eza defentsarentzat

Portu eta Sarasola ustezko ETA-ko kideak izateagatik kartzelatu zituzten joan den urteko urtarrilean, eta Barajaseko T4 terminalaren kontra egindako atentatuan parte hartzea egotzi zieten torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta, epailearen aurrean salatu zutenaren arabera. Atxiloketa aldian Portu ospitaleratua izan zen gorputz osoan hainbat kolpe eta saihets bat apurtuta zituela. Salaketa jarri zuen eta Donostiako epaitegi batek 15 guardia zibil auzipetu zituen horren ondorioz.

Beitialarrangoitiaren azalpenek ezer gutxirako balio izan zuten fiskalarentzat. Izan ere, zigor «eredugarria» eskatu zuen bere aurka, Portu eta Sarasolaren izen-abizenak aipatzean, erakunde armatuko ustezko kideak goraipatzen ari zela zekiela argudiatu baitzuen. Horren froga gisa ekitaldian zeuden ikusleek ETAren aldeko oihuekin erantzun zutela aipatu zuen, baina lekuko gisa deklaratu zuten hiru guardia zibilek gezurtatu egin zuten Gordilloren bertsioa. Azaldu zutenez, «Herriak ez du barkatuko» izan zen entzun zen leloa.

Hernaniko alkatearen abokatu Iñigo Iruinek absoluzioa eskatu zuen bere bezeroarentzat. Argudiatu zuenez, fiskalak egindako eskakizunarekin ez du «justizia egin dadin bilatzen», epaitegiak Beitialarrangoitiaren aurka sententzia «eredugarria» ematea baizik, Gordilloren hitzak gogora ekarriz.

ZIGORRA

Ignacio Gordillo fiskalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa eskatu zuen Hernaniko alkatearentzat. AVT-k berriz, bi urteko kartzela zigorra nahi zuen.

EPAIKETA

Portuk eta Sarasolak egindako tortura salaketa dela-eta, Donostiako epaitegi batek atxiloketan parte hartu zuten 15 guardia zibil auzipetu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo