Gipuzkoako herrietako lan jarduna oso nabarmen eten zen
Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA
Milaka gipuzkoarrek bat egin zuten atzokoan Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituriko greba egun orokorrarekin. Herri txiki, handi nahiz hiriburuan, Donostian, sektore eta lan arlo ezberdinetako gizon eta emakumeek ez zuten lanik egin atzo, eta asko eta asko batu ziren Donostian eguerdian egin zen manifestazioan. Arratsaldean hamaika herritan antolatu ziren mobilizazioak, eta Oreretan eta Hernanin, esaterako, 2.600 eta 1000 lagunetik gora bildu ziren, hurrenez hurren, eta Tolosan eta Arrasaten, 1.200 lagun.
Tolosaldean, Urolan eta Goierrin, baita Hernanin ere, parte hartze handia izan zuen greba deialdiak, eta itxita egon ziren ia lantoki guztiak.
Bidasoaldeko eskualdean 60 bat enpresak egin zuten bat deialdiarekin aurreko asteetan , besteak beste, Excavaciones Orsa eta CAF taldeek.
Oarsoaldean kaleetako lasaitasun eta autoen joan-etorri urriak egun arrunta ez zela adierazten zuen. Oiartzunen, Lezon, Pasai Antxon zein Errenterian industria nahiz zerbitzuetan handia izan zen grebarekiko atxikimendua. Pasaiako portuan ere ia erabatekoa izan zen lanuztea. Zumarragan, Urretxun eta Legazpin ere denda eta taberna asko itxita egon ziren.
Donostian, auzoz auzo ezberdina izan zen lan arloko erantzuna. Baina, ezbairik gabe, asko eta asko izan ziren greba egin zutenak. Besteak beste, Martuteneko 27. industrialdeko ia enpresa guztiak itxita egon ziren, eta ez zen apenas mugimendurik izan. Kiroldegi gehienek ere ateak itxita izan zituzten, Amara, Antiguo, Bidebieta eta Altzakoak esaterako. Donostiako bigarren ingurubidea deritzoneko obrak ere, Aritzetatik Ergobiarako tartean, geldituta izan ziren egun osoan.
Jendetza Donostian
Mobilizazioak ugariak izan ziren goizean goizetik Donostian. Hala, Urbil merkataritza gunetik Igara auzoraino bueltaka ibili ziren kamioilari ugari. Giza kate eta manifestazio asko izan ziren, eta eguerdiko hamabietan guztiak Artzai Onaren katedral parean elkartu ziren. Milaka lagun batu ziren bada eguerdiko manifestazioan eta Bulebarra leporaino bete zuten sindikatuetako ordezkarien mezuak entzunez. EHNE sindikatuaren eskutik hainbat traktore ere izan ziren hiriburuan.
Industria arloan 217 enpresa daude Gipuzkoa osoan 50 langile baino gehiagokoak. Sindikatuek eman zituzten datuen arabera, horietako 149 enpresatan, enpresa guztien %68,6, grebaren jarraipena %70ekoa baino handiagoa izan zen. Beste 33 enpresatan, berriz, guztien %15,2, langileen %30ek baino gehiagok egin zuen greba.
Probintzia guztia kontuan hartuta, saltoki handi ugari egon ziren itxita, Olaberria eta Oiartzungo Carrefour eta Irungo Alcampo, besteak beste. Denda txikiei dagokienez, Bizkaikoarekin batera Gipuzkoako Denda Txikien Elkarteak greba egunaren aurretik emandako atxikimenduari helduz handia izan zen dendetako lanuztea. Ezin ukatu hainbat denda nahiz taberna irekita izan zirela; baina pertsiana jaitsita, kale huts eta jarduerarik gabekoak asko izan ziren. Kiroldegiak kudeatzen dituzten enpresek ere gelditu zuten euren jarduna neurri handian Gipuzkoan. Zerbitzu publikoei erreparatuta, administrazio askotan egin ziren lanuzteak. Goierri, Urola, Oarsoaldea eta Bidasoaldean udaletxeak guztiz itxita egon ziren, sindikatuek adierazi zutenez. Beste udal-erakundeetan ere, lanuztea ia erabatekoa izan zen Errenteria, Tolosa, Ordizia, Bergara eta Zarautzen. Donostiako Udalean %60tik gorakoa izan zen.
Garraio arloan gutxieneko zerbitzuak ibili ziren egun osoan zehar. Arlo honetan ekintza ezberdinak ere egin zituzten hainbat ezezagunek, besteak beste, Ikaztegietan trenbideko katenariako kontrapisuak moztu zituzten goizaldean eta Alegi inguruan suzko barrikadak jarri zituzten trenbideetan.
Eraikuntza arloari dagokionez, obra handietan nabaritu zen gehienbat grebaren eragina, eta ia erabatekoa izan zen Gipuzkoan.
Industria sektoreari lotutako 217 enpresa daude Gipuzkoan. Horietako 149tan -%68,6- grebaren jarraipena %70etik gorakoa izan zen; beste 33 enpresatan -%15,2-, %30 baino gehiagokoa.
Atzo, milaka pertsonak grebarekin bat egin eta ez ziren lanera joan: dendariak, tabernariak, ikasleak, kiroldegi, udaletxe, kultur etxe nahiz saltoki handietako langileak, irakasleak, garraiolariak, nekazariak...
Greba orokorrak ez dira eguneroko kontuak. Helburu edo aldarrikapen bati eutsita, gizartearen etena edota jardueraren gelditzea bultzatzen dute. Hala, atzokoan ezohikoak diren irudiak izan ziren Gipuzkoako hamaika herritan. Dendak itxita, tabernak ere bai, igandetan ere ixten ez dituzten horiek, enpresa handiak geldirik, baita obrak ere. Garraio publikoa ohi baino urriagoa eta horren ondorioz jende gehiago kalean oinez. Donostiako kaleetan guraso asko ikusten ziren atzo umeekin kalean oinez. Ez umeak eskolara, eta ez gurasoak lanera. Eta tartean han eta hemen pikete taldeak, kotxe karabanak eta manifestazioak. Baita kartelak, banderak, eskuorri eta pegatinak. Ez zen inolaz egun arrunta izan atzokoa A.Z.