Auzitegi Konstituzionalak buelta eman dio aurretik Gobernu espainolak hartutako erabakiari
Zaila da jakiten botereak nola funtzionatzen duen bere baitan, nola eta ze markotan hartzen diren herritar guztiongan eragina duten erabakiak. Ardura politikoak zehaztea errazagoa da, jakina, baina argi dago erabaki hauek aldez aurretik konpartituak izaten direla normalean. Estatu arrazoiaren araberako erabakiak era batean edo bestean «Estatuak» hartuko dituela pentsatzea logikoa da.
Honela izan da, ziur aski, orain arte espainiar Estatuan ilegalizatu diren alderdi eta plataforma guztiekin. Alegia, ez gobernua ez eta auzitegia ez den beste nonbaiten ilegalizazioak aurrera ateratzeko erabaki irmoa hartuko zen. Eta, orain arte, sekurokratek irabazi dituzte «bozketak» erabakigune hauetan, agidanez.
Orain, Auzitegi Konstituzional espainolak, Europako Parlamenturako II-HE hautagaitza legala dela esanez, erabakigune horietako batean hartutako erabakia atzera bota du. Ala ez? Ez baita komeni auziotan inozo jokatzea. Bart Konstituzionalak hartutako erabakia aurrekoa bezain politikoa delako. Argi dago nazioarteko presioak garrantzi handia izan duela oraingoan.