GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Uda honetan, zure taldearekin bidaiatu!


Blanca Izkue | Musikagintzako langilea

Hasiak al zarete jada udako oporraldietarako planak egiten? Batzuk bai, eta imajinatze hutsa zoragarri bezain lasaigarri egiten zaigu. Musikari asko ere, bere eginkizun artistikoaz baliaturik, bidaiari amorratuak ditugu. Adibide gutxi batzuk:

Su Ta Gar edota Etsaiak taldeek, hastapenetan zuten managerra Karibeko irlako biztanlea izanik, Kubara joan izan dira maiz. Berri Txarrak-ekoek beren azken diskoko kantuak Ameriketan, Asian eta Europako hainbat herrialdetan jo zituzten. Oreka TX taldekoek txalaparta hartu eta Indian, Laponian, Saharan eta Mongolian aurkitzen diren tribu nomadekin kultur trukea egin zuten musikaren bidez. Fermin Muguruza ere munduan barrena ibilia da behin baino gehiagotan, eta bere azken lana Palestinako musikariekin landu du. Kepa Junkera berriki Casablancan grabatzen ibili da Marokoko musikariekin.

Luzea beren doinuak munduan barrena ezagutzera ematen dituzten musikarien zerrenda. Haien arteko bidaiatzeko baldintzak, ordea, arras ezberdinak izan dira. Baditugu motxila hutsarekin -musika tresnak, kasu honetan- mundua korritzera ausartzen direnak, musikari abenturazaleak alegia; beste batzuk, aldiz, «dena barne» bidaiatan soilik murgiltzen direnetakoak ditugu, abiatu aurretik ibilbidea eta diru iturriak ongi zehaztuak eta ziurtatuak eduki arte etxetik irteten ez direnak. Ausartenek, abiatu aitzin garbi duten bakarra, bisitatu nahi dituzten herrialdeak dira. Kontzertu batzuk atzerrian lotu, eta ospa. Gehienetan, diru mordoa galtzen dute halako biretan. Hala ere, bueltan, denek kanpoan bizitako esperientziak sortu dien zirrara aipatzen dute. Galera ekonomikoei aurre egiteko, horietako askok bidaian zehar grabatu dituzten irudiz osatutako ikus-entzunezko lanak argitaratzen dituzte. Emaitza, publiko osoarentzat merkaturatzen dute batzuek, salmentaren bitartez zuloa betetzeko esperantzan. Beste batzuek, bide horretaz gain, diru-laguntza publikoak eskatzeari ekiten diote. Administrazioari saltzea ez da nolanahiko lana: txostenak eta aurrekontuak aurkeztu, egindako lanaren «interes kulturala eta kalitate artistikoa» argudiatu, jasoko den diruaren erabilpen zuzena izanen delako hitza eman... badakizue. Orain ez asko formula berri bat ezagutu dugu: lanari ekin aurretik, bidaiaren proiektua ehuneko ehunean ordainduta dutenena.

Zuen esku uzten dut orain goian aipaturiko taldeen adibideak beheko zein bidaia agentziarekin bidaiatzen duten asmatzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo