Ezker abertzalearen ustez, Anzaren desagertzea «bahiketa» izan da
Apirilaren 18tik arrastorik utzi gabe desagerturik dagoen Jon Anza iheslari politikoa «bahitua» izan dela uste dutela adierazi zuten ezker abertzaleko hainbat kidek, atzo Baionan egindako agerraldian. Azken egunotan izandako datu berriek, «batez ere ETAk jakinarazitakoak, egungo errepresio giroa eta historikoki Euskal Herrian ezagututako antzeko desagertzeek» bultzatu dituzte uste hori izatera. Hala, Estatu frantsesari eta espainolari egotzi diote ardura.
Arantxa MANTEROLA |
«Beldur handiena eragiten digun hipotesia, gerra zikinarena alegia, nagusitzen ari da gure artean», adierazi zuen atzo Baionan, Muriel Lucantis Askatasuneko kideak Jon Anzaren desa- gertzearen harian. Amnistiaren aldeko mugimenduaren eta eta ezker abertzalearen ustez, egun esku artean dituzten datuen arabera, «hipotesi sinesgarriena bahiketarena» da.
Joan den ostiralean Anzaren familiak preso ohiaren desagertzea salatu zuenetik ezagututako hainbat elementu berri dira uste horren oinarri Lucantisen hitzetan. Horien artean, Baionako fiskalak abiatutako ikerketa, prozeduraren baitan, neskalaguna deitu izana eta, atzo arratsaldean bertan, Poliziak Jon Anzaren etxean egindako araka- tzea. Bestalde, ETAren agiriak argitara emandako datuak aipatu zituen. «Zantzu horiek guztiak eta ez oso aspaldian Euskal Herrian ezagutu ditugun kasuak kontuan hartuz, bahiketa izan dela pentsarazten digute», gaineratu zuen.
Ezker abertzalearen izenean, Xabi Larraldek esan zuen bahiketa dela «egiantz handiena duen hipotesia». Areago, Estatu frantsesari eta espainolari egotzi die argiki Anzaren desagertzearen «erantzukizuna».
Uste hori argudiatzeko hiru elementu azaldu zituen. Lehenik eta behin, «ETAk berak plazaratutako informazioa. Horri esker, datu inportante bat jakin ahal izan dugu: Jonek Polizia atzetik zuela». Bigarrenik, Euskal Herrian bizi den «errepresio egoera» aipatu zuen, adibideen artean, ilegalizazioak, torturaren erabilpena eta duela hilabete batzuk Juan Mari Mujika ataundarrak jasandako bahiketa-galdeketa. Azkenik, historikoki ezagututako jazoerak ekarri zituen gogora, hala nola GALen garaiak eta «Naparra», «Pertur» eta Popo Larreren argitu gabeko desagertzeak.
Paris eta Madril
Horiek horrela, Larraldek zorrozki adierazi zuen Parisi eta Madrili dagokiela «Jon non den erantzutea». Duela hilabete Zapaterok eta Sarkozyk egindako bileran zer zehaztu ote zuten galdetu zuen Batasuneko ki- deak: «Ezker abertzalea suntsitzeko ahalegin berri baten aitzinean al gaude? Polizia-bide guztiak irekitzeak hori esan al nahi du? Gerra zikinari berriro ateak zabaltzea? Zein datu ditu Rubalcabak Joni gertatutakoa gezurra dela ziurtatzeko?».
Beste alderdi politiko eta gizarte eragileak ere hartu zituen ahotan mahaikideak: «Hain demokrata diren horiei isilik gera ez daitezen eskatzen diegu; desagerpena salatu dezatela eta bi gobernuei gertatutakoa lehenbailehen argitzeko exijitu diezaietela eskatzen diegu».
Askatasunak eskaera bera egin zien gizarte eragileei ez ezik, herritar orori ere eta Anzaren familiari «elkartasuna eta besarkada beroena» igorri zion.
Gaur herritar eta lagunez osatutako hainbat taldek Baiona eta Okzitaniako Tolosa arteko bidea egingo dute, norbaitek Anza ikusi duen galdetzeko eta geltokietan eta inguruetan argazkia eta telefono zenbaki berezia duen eskuorriak zabaltzeko.
Iheslari politiko donostiarra aurkitzeko «ahalegin guztiak» egingo dituela nabarmendu zuen atzo ezker abertzaleak. «Jon aurkitu, gertatutakoa argitu eta erantzukizunak mahai gainean jartzeko ahaleginak eta bi egingo ditugu».
Era berean, «gerra zikinaren, errepresioaren eta inpunitatearen amaiera exijitzeko» eskatu zuen, herritarrei mobilizatzera deitzearekin batera.
Hain zuzen ere, bihar bertan, Hendaian, Casino zaharretik 17.00etan «Sarkozy, Zapatero: non da Jon?» lelopean abiatuko den manifestazioan eta azken ostiraleko ohiko mobilizazioetan parte hartzera dei egin zuten.