GARA > Idatzia > Kirolak > Atletismoa

MENDI LASTERKETAK VIII. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia

Denak Kilian Jorneti begira, urteko erronka nagusian

Zortzigarren ekitaldia beteko du probak eta munduko txapelketarako puntuagarria izango da aurten ere.

p045_f01_19006.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Dena prest dago bihar goizean korrituko den VIII. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoirako. Onartuak izan diren 450 parte-hartzaileak 09.00etan irtengo dira Zegamako plazatik, erdiz erdi edertasuna eta gogortasuna biltzen dituen 42 kilometro pasatxoko ibilbideari aurre egiteko asmoz. Zortzigarren ekitaldia besterik ez den arren, mendi lasterketa honek sekulako ospea hartu du Euskal Herrian nahiz mundu mailan, eta aurten ere Skyrunner World Series (munduko zirkuitu nagusia) lehiaketarako puntuagarria izango da.

Faboritoen zerrenda egitea arriskutsu samarra izaten den arren, gizonezkoen artean Kilian Jornet kataluniarra aipatu beharra dago beste guztien gainetik. 21 urte besterik ez dituen arren, Aizkorriko maratoia berak irabazi du azken bi urteetan eta mundu mailan dagoen mendi lasterkari onenetakoa da, onena ez bada. Horrez gain, mendiko eskian ere hainbat garaipen pilatu ditu Kataluniako Pirinioen bihotz-bihotzean hazitako kirolari apartak. Jornetekin batera, Ricardo Mejia mexikarra, 2006ko irabazlea, Raul Garcia espainiarra, Fulvio Dapit italiarra eta Rob Hope ingelesa nabarmendu behar dira.

Emakumezkoen artean, Zegaman besoak hiru aldiz jaso dituen Corinne Favre frantziarrak azken unean baieztatu du irteeran izango dela. Bera izango da lehiaketa laugarrenez irabazteko faborito nagusia. Pierangela Baronchelli eta Emanuela Brizio italiarrak eta Andorrako Stephanie Jimenez izan daitezke jarraitu beharreko beste hiru dortsal. Alizia Olazabal euskalduna ere saiatuko da atzerritik etorritako korrikalariei ahal bezainbeste lan ematen eta Zegamako plazan podiumera igotzen.

Antolakuntzak sariak ahalik eta mardulenak izan daitezen lanean segitzen du eta aurten 15.000 euro inguru banatuko dituzte. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan, irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 600 eta hirugarrenak 300. Tarteko helmugara aurreneko postuan iristen diren korrikalariek 100 euroko gainsaria izango dute eta, gizonezkoetan, laugarren eta bosgarren sailkatuek ere saria izango dute.

Lasterketa honen arrakasta argi erakusten duen beste datu bat izena eman duten kirolari kopuruan aurkitu daiteke. Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurten 1.400 bat korrikalarik egin zuten aurre-inskripzioa, nahiz eta gehienezko parte-hartzaile kopurua 400ekoa izango zela jakin. Aukeratuak zozketa bidez erabaki zituzten.

Korrikalari horien guztien artean, aurpegi ezagunak ere egongo dira, aurkezpen ekitaldian ikusi ahal izan zenaren arabera. Andoni Aizpuru telebistako aurkezlea eta Mikel Erentxun abeslaria parte-hartzaileen zerrendan agertzen dira eta, aipatu zutenez, jo eta ke dabiltza biharko maratoia prestatzen. «Lau orduko entrenamenduak egin ditut, baina denbora barruan sartzea da nire helburua».

LAUGARRENA?

Corinne Favre frantziarrak azken unean baieztatu du Zegamako irteeran izango dela. Kilian Jornetek bezalaxe, azken bi urteetan garaipena lortu du, baina aurrez 2005ean ere aurreneko postua lortu zuen. Laugarren garaipena eskura lezake, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo