Olatz Altuna eta Mikel Aznar (*) 18/98 sumarioko Zumalabe piezan epaituak
Zumalabe piezaren absoluzioak ez du konpontzen 18/98rekin egin den bidegabekeria
Zeinek ordainduko du hamar urteotan egindako kalteengatik, gure eskubideen zapalkuntzagatik? Eta gure familiei, lagunei eta ingurukoei eragindako kezka eta sufrimenduagatik?
Oraindik Auzitegi Gorenaren epaitza jakin gabe, baina gure absoluzioaren berri badugu- la, Joxemi Zumalabeko absolbituok honako iritziak plazaratu nahi ditugu:
Lehenik eta behin, gure maitasun eta elkartasun beroena helarazi nahi diegu Estatu espainoleko kartzeletan preso eta sakaba- natuta dituzten «18/98 sumarioko» kideei. Aipamen berezia egin nahi diogu piezako kide eta lagun Carlor Trenorri.
Joxemi Zumalabe piezako kideon (eta Natale Landaren) absoluzioak ez du inondik inora zuzentzen gurekin eta, oro har, 18/98ko prozesatuekin egin den bidegabekeria. Ez du inola ere arintzen Auzitegi Nazionalak irekita dauzkan sumario politiko guztien izugarrikeria. Ez, inola ere ez. Soilik 18/98ko testuingurura mugatuta, 40 pertsona daude une honetan kartzelan, zergatik eta armarik edo bestelako indarkeriarik erabili gabe, beren ideia politikoei eutsi eta praktikara eramateagatik. Eta beste ehunka pertsona daude kartzelara joateko mehatxupean, Estatuak nabarmen erabiltzen du-eta indarkeria juridikoa bere helburu politikoak lortzeko.
Zeinek ordainduko du hamar urteotan egindako kalteengatik, gure eskubideen zapalkuntzagatik? Eta gure familiei, lagunei eta ingurukoei eragindako kezka eta sufrimenduagatik? Nork ordainduko du gure lan-arazo eta xahutze ekonomikoarengatik? Nork, nola, noiz, zer erantzungo zaie oraindik kartzelan dauden pertsonei? Noiz amaituko da Estatuaren inpunitatea? Noiz arte herri honetako disidentzia sozial eta politikoa erreprimitzeko zigorgabetasuna?
18/98 makro-sumario honetan hamar urte luzez erabili du indarkeria Estatuak: salaketa funsgabeak, atxiloketak, torturak, behin-behineko espetxealdiak, eskubide-urraketak, ia bi urteko ahozko ikustaldia, berriz ere atxiloketak, berriro kartzelatzeak, sakabanaketa... Estatuak modu krudelean erabili du indarkeria. Orain, prozesu juridikoaren amaieran, fidantzapeko askatasunean zeuden zortzi kide kartzelatu dituzte, berriz ere gure duintasuna mespretxatuz. Pertsona horiek atxilotzera, Auzitegi Gorenaren epaitza ezagutu aurretik bidali du Guardia Zibila Auzitegi Nazionalak, nahiz eta kontrolatuta zeuden zaintzapeko «askatasunean». Jose Luis Elkoro, Juan Pablo Dieguez, Javier Salutregi, Iñaki Zapiain, Xabier Otero, Elena Beloki, Inma Berriozabal eta Juan Mari Mendizabalen kasuan, jokabide oldarkor hori justifikatzeko alarma soziala edo ihes egiteko arrazoiak argudiatzea zentzugabea da.
Joxemi Zumalabe Fundazioaren eta mugimendu sozial eta politikoen kriminalizazioa eta desobedientzia zibilaren jazarpen penala bederatzi urteotan erabilitako arma politikoa izan da, euskal jendartearen sektore garrantzitsuak beldurtzeko eta desmobilizatzeko xedez. Kartzelatzera iritsi gabe ere, Estatuak disidentziaren aurka egin dezake. Aski du kriminalizatzearekin, jazartzearekin, elkartzeko, antolatzeko edo, esate baterako, komunikabide propioak martxan jartzeko beldurra sorraraztearekin. Aski du, azken batean, jendea autodefentsan lan egitera behartzearekin, aldaketa sozial eta politikorako bestelako ahalegin sortzaileetatik aldenduz. Euskal jendarte desmobilizatu eta otzana nahi da: jendarte hila.
Urte hauetan jasotako elkartasuna eskertu nahi dugu. Ez dugu inoiz ahaztuko lankideon hurbiltasuna, ehunka pertsona autoinkulpatuen konpromisoa, Fundazioaren lana babestu duten mota guztietako talde sozialen engaiamendua, hainbat mobilizaziotan parte hartu duten milaka eta milaka pertsonak, 18/98+ plataformari bultzada eman diotenak... Bihotz-bihotzez eskertzen dugu jaso dugun elkartasuna eta babesa. Eta horren aurrean konpromisoa hartzen dugu lanean jarraitzeko, Fundazio barrutik edo kanpotik, Euskal Herri libreago eta justuago baten alde.
(*) Olatz Altuna eta Mikel Aznarrekin batera Alberto Friasek, Fernando Olaldek, Sabino Ormazabalek, Iñaki O'sheak eta Mario Zubiagak ere sinatzen dute artikulu hau.