GARA > Idatzia > > Mundua

Errefuxiatutako haur tamiletatik bostetik bat desagerrarazi dute

Errefuxiatuta dauden haur tamiletatik bostetik bat bahitu edo desagerrarazi dutela salatu du Save the Children erakundeak. Antza, Gobernuaren aldeko talde paramilitarrek eraman dituzte, familiei xantaia egiteko edo LTTEren inguruan galdeketa egiteko.

p028_f02_148x108.jpg

GARA |

Sri Lankako Gobernuak LTTE gerrilla tamilaren kontra egindako erasoaldiak egoera benetan larria eragin du tamilen artean. Nazio Batuen hitzetan, gertatutakoa sarraski bat izan da. Behin behineko datuen arabera, urtarriletik hona 7.000 zibil hil dituzte eta 270.000 bat kontzentrazio-esparruetan daude. Gobernuak «harrera guneak» direla esaten du; gobernuz kanpoko erakundeek, ostera, atxiloketa-esparruak direla eta horietan giza eskubideak bortxatzen dituztela salatu dute.

Gobernuaren aldeko talde paramilitarrek errefuxiatuta dauden haur tamiletatik bostetik bat bahitu edo desagerrarazi dutela ohartarazi berri du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak.

Armadak erabateko garaipen militarra aldarrikatu aurretiko egunetan, 300.000 lagun inguruk ihes egin zuten oraindik LTTEren esku zeuden zonaldeetatik. Anabasa horretan, ehunka haur desagertu ziren. «Colombok zabaldutako kanpamentuetara hainbeste eta hain azkar etorri dira, ezen bidean gurasoak galdu dituzten ehunka ume ditugu. Ihesaldian haur jaioberriak galdu dituzten emakumeak topatu ditugu», plazaratu zuen Stein Lied giza-laguntzaileak «The Independent» egunkarian.

Haur Soldaduak Errekrutatzearen Kontrako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koalizioak bi talde paramilitarrak umeak bahitzen ari direla salatu zuen. Bahiketak gauez eta Gobernuaren baimenarekin gertatu direla azaldu zuen.

«Vavuniyako zonaldean bidea libre utzi diete kanpamenduetan sartzeko. Hamabi urtetik beherako haur asko bahitu dituzte familiei xantaia egiteko edo LTTErekin zerikusia dutelakoan galdeketa egiteko», nabarmendu zuen. Gobernuak akusazio horiek ukatu zituen.

Duela pare bat aste, Vavuniya hirian hamaika emakumeren gorpuak azaldu zirela aditzera eman zuen «The Guardian» egunkari britainiarrak. Menic Farm kanpamentuaren kanpoaldean agertu ziren lepoa moztuta. «Ilea moztuta zuten. Horrek LTTEko gerrillariak zirela esan nahi du. Eskura ditudan informazio iturrien arabera, Tamil Tigreen mila bat kide daude Menic Farmen», helarazi zuen «The Guardian»eko kazetariak. Lekukoek esan zutenez, beraien burua entregatu ondoren hil zituzten emakumeak. NBEn idazkari orokor Ban Ki-moonek Menic Farm bisitatuko du asteburuan.

egoera larrian

Gobernuz kanpoko 14 erakundek errefuxiatu-esparruetara sartzeko oztopoak bertan behera uzteko exijitu diote Sri Lankako Gobernuari. «Milaka lagunen bizitza arriskuan dago», ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo