Gerra eta maitasuna, bestelako begirada batez, liburu banatan
A. A. | DONOSTIA
Gerrako heroien gizatasuna azaldu nahi izan du Iñaki Irasizabal durangarrak «Gu bezalako heroiak» (Elkar) eleberrian. «Ustezko heroi horiek ez direla hain ausartak eta ustezko koldar horiek ez direla hain beldurtiak», azaldu zuen. Kazetaritza eta soziologia ikasketak hasi zituen arren, industrian lan egin izan du beti Irasizabalek, baina dagoeneko argitaratuak ditu hainbat liburu ere. Horien artean dira «Burua txoriz beterik» (2004) -Augustin Zubikarai nobela laburren saria eman ziona- eta «Mendaroko txokolatea» (2005) polizia eleberria.
Nobela labur honen istorioa 1994an kokatua dago. Gazte bat bere buruaz beste egiteko joera duen aitonarekin bizitzera joango da. Psikiatrek diote gerrako oroitzapen isilduek zerikusi zuzena dutela joera horrekin. Ordura arte gehiegi ezagutzen ez duela-eta, pixkanaka aitonaren iragana arakatzen hasiko da: 36ko gerran izandako pasarteak, Bizkargiko borrokak...
Maitasuna eta literatura
Agustin Fernandez Paz idazle galiziarraren «O único que queda é o amor» (2007) euskaratu du Uxue Alberdi elgoibartarrak. Estatu espainiarreko Gazteentzako Liburu Onenaren Saria eman zioten ipuin-bilduma honengatik. «Maitasuna da geratzen den bakarra» (Elkar) liburuan, maitasuna eta literatura nahasten dira etengabe. Misterioz betetako ipuinak dira. «Literaturak eta maitasunak komunean daukaten fikzio hori mantentzen du. Mamuak, aingeruak, ispiluetan islatzen diren pertsonaiak agertzen dira fantasia mundu horretan», azaldu zuen Alberdik.
Liburuak Pablo Auladell marrazkilariaren jatorrizko ilustrazioak mantentzen ditu. «Oso lan ona egin zuten idazleak eta ilustratzaileak. Irakurtzean, buruan egiten duzun irudia eta aurrean duzuna bat datoz», esan zuen elgoibartarrak. Ipuin bakoitzaren hasieran idazle ezberdinen aipu bana dago eta narrazioan ere tartekatzen ditu poemak edo testu zatiak. Gehienak euskaratu baldin baditu ere, kasu batzuetan ordezkatzea aukeratu du Alberdik eta Joseba Sarrionandiaren poema bat aukeratu du, esaterako.
Izenburua: `Gu bezalako heroiak'.
Idazlea: Iñaki Irasizabal.
Orrialde kopurua: 124.
Izenburua: 'Maitasuna da geratzen den bakarra'.
Idazlea: Agustin Fernandez Paz.
Itzultzailea: Uxue Alberdi.
Orrialde kopurua: 164.
Argitaletxea: Elkar.