GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gaitzespena berriro

Bortxatutako emakume bati elkarrizketa irratian. Zer moduz dagoen, bortxaketak zer ondorio eragin zizkion, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko zer egin litekeen eta ohiko galderak egin ondoren, kazetariak galdetu dio ea ondo iruditzen zaion emakumeak gaueko ordu txikietan edota minigonarekin ibiltzea.

ETAren atentatu batetik bizirik irten zen lagun bati elkarrizketa irratian. Nola gertatu zen, nola bizi den atentatuaz geroztik, zer egin daitekeen indarkeria bukatzeko eta ohiko galderak egin ondoren, kazetariak galdetu dio ea tortura gaitzesten duen.

Seguru asko batek baino gehiagok pentsatu du elkarrizketa bietako azken galdera horiek ez dutela zentzurik, eta hala uste dut nik ere. Lehenengo kasuan kazetari ergel (zerbait okerragoa ez esatearren) batek baino ez luke halakorik egingo. Bigarrenean, berriz, inori ez litzaioke halakorik egitea otuko. Horrexegatik beste batzuek elkarrizketa horiek gezur hutsa direla pentsatu bide dute, zuzen pentsatu ere.

Lehengoan entzun nuen elkarrizketa, ordea, ez da fikzioa. Hil honen bukaeran epaituko dituzten eta tortura jasan omen zuten arabar gazteetako bati egin zioten (omen, torturak beti gertatzen «omen» dira-eta). Azken galdera bortizkeria gaitzesten al duen izan zen. Torturatuaren sinesgarritasuna, hartara, erantzunaren araberakoa dela esan nahi digute. Areago, tortura zantzuek haren sinesgarritasuna zalantzan jartzen uzten ez dutenean ere, indarkeriaren (alegia ETAren) gaitzespen argirik ez badago, minutu bat lehenagoko tortura ikaragarriak larritasun handia galtzen duela esan nahi digute.

Igor Portu atxilotu ondoren ospitalean larri zegoela jakiteak ikaratu eta sumindu egin gintuen. Barne ministroak berehala torturatu zutela ukatu eta T-4ko atentatuaren egilea zela esan zuen. Nola jakin zuen Portu zen ala ez atentatu haren egilea, baina? Hala ere, aurrerantzean ez zen torturatutako herritarra, T-4ko atentatuaren egilea baizik, basapiztia... nahiz eta nazioarteko eta Estatu espainoleko legeek edozein herritar torturatzea debekatzen duten, Sakamantekas izan zein Donamariako Karmeldarren komentuko moja izan.

Atzo Luis Beroiz, tortura salatzen nekaezin lan egin duen laguna, hil dela jakin genuen, eta burura datorkit gustuko omenaldia izango lukeena: bere etsenpluari jarraitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo