GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Finalaren atarikora iritsi diren bi beteranoen artean saio estua izango da

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran finalerdiak izango dira bai gazteetan, bai eta helduetan ere. Maila nagusian lehenengoa izango da bihar, eta Maeztun, 12.30etik aurrera neurtuko dira Larretxea eta Arrospide.

Finalerdietara sailkatuta dauden bi beteranoenak neurtuko dira Araban, eta faborito garbirik ez da agertzen. Lana bientzat da aproposa. Orain artekoan, biek lana ongi egin dute, eta aparteko eragozpenik gabe irabazi dituzte jokatu dituzten demak, baina oraingoan bietakoren batek galdu egin beharko du, eta bat finaletik at geratuko da.

Gauzak nola dauden ikusita, eta dauden lanetan nola moldatzen diren ikusita, oso zaila izango da iraupen probara bitarte ezer erabakitzea. Irabazleak aurkariaren izena jakiteko astebete itxaron beharko du, datorren asteburuan izango baita beste finalerdia, Lopezek eta Nazabalek jokatuko dutena.

Gazteek ere beren finalerdiak izango dituzte, baina hauek gaur jokatuko dute 19.30etik aurrera Leitzan. 23 urtetik beherakoetan, Mugerza II.a eta Erasun neurtuko dira. Saio erakargarria izango da. Leku berean, 19 urtetik beherakoetan Saralegi eta Ohian Larretxea lehiatuko dira.

Harri-zulatzen, bigarren jardunaldia ere Txorierrik irabazi du, 19 zulo pasa egin ostean. Hauek, iaz bezalaxe, oso indartsu abiatu dira, eta orain arteko bi saioak irabazi egin dituzte. Liga bereganatzeko faborito nagusi bihurtu dira, aurten Jaizubiarik ez baitago. Hurrengo jardunaldia ekainaren 6an Gallartan jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo