GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Ronde Isard Orbearen arrakasta berri bat

Romain Sicard lapurtarra garaile Plateau de Beillen

GARA | BILBO

Duela hiru aste pozaren pozez negarrez ikusi genuen Hazparnen sorturiko Romain Sicard txirrindularia, Narancora igoeran gailendu eta gero. Bada, atzo ere malkoren batek laban egingo zion lapurtarrari, Ronde Isard delako bigarren etapan, Plateau de Beillen, alegia, nagusitu zen-eta. Bezperako egun txarrari -zazpi minutu galdu zituen- buelta eman eta gurpiletik atera zituen guztiak.

«Atzoko -bezperako- txakalaldia eta gero, neure buruarekin oso haserre nengoen. Hala, sailkapenean urruti nagoela-eta, urrundik jo dut erasoa eta gero abantaila eusteari ekin diot», adierazi zuen helmugan.

Horixe da Orbea taldeak maiatzean lorturiko laugarren garaipena. Jonathan Castroviejo getxoztarrak laugarren amaitu zuen etapa eta sailkapenean bigarren postuan dago, VC La Pomme taldeko Alexandre Geniezengandik minutu eta 17 segundora.

Gaur jokatuko da azken etapa: Luzenac eta Saint-Girons artean. 133 kilometro izango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo