GARA > Idatzia > > Kultura

Munduko koloreek Eskoriatzako bazterrak margotu dituzte

Musikak, kale animazioak, naturak eta gastronomiak, Mundumirako lau zutoinek hain zuzen ere, Eskoriatzako kaleak txiki utzi zituen jaialdiaren bigarren egunean. Munduko aniztasunaren ospakizunak gaur agurtuko du bosgarren edizio jendetsu hau.

Odeia AIESTARAN | ESKORIATZA

Iran, Brasil, Venezuela, Katalunia eta Euskal Herriko doinuak entzun ahal izan ziren atzo Eskoriatzan, Mundumiran, Munduko Kulturen Jaialdian. Musikaz gain, ikuskizunez gozatzeko eta jaki exotikoak dastatzeko aukera ere izan zen.

Herriko bazterrak artisauen postuz beterik daude egunotan Eskoriatzan; arropaz, bitxiz edota dekoraziorako eskulanez atondutako postuak.

Mundumirako lehen egunean, ostiralean, jende andana igaro zela aipatu zuten artisauek, baina gehienak bisita besterik ez zutela egin. Atzo ordea, mugimendua oso bestelakoa zen eta salmentaren bat edo beste izateko esperantza azaldu zuten.

Tarteka mokadutxoren bat egiteko aukera ere badago, gastronomiaren usaina Eskoriatzako kaleetan herrian sartu orduko nabaritzen baita. Izan ere, Munduko Zaporeak gunean bost kontinenteetako jaki exotikoek ere badute posturik. Hala nola kebab-ak, falafel eta krepeak dastatzeko aukera dago. Euskal Herriak ere badu presentziarik munduko jaian eta, nola ez, Segurako talogileak bertan izan ziren beroari aurre eginez. Halere, «horrelako jai polit bati ezin diogu hutsik egin», aipatu zuten.

Goizetik hasi eta gauera arte luzatu zen atzo jaia, aurtengo Mundumirako izar handi batekin, Macacoren kontzertuarekin, alegia.

Eguerdian Amama Luisa Brass Band fanfarreak alaitu zituen kaleak. Talde durangarrak, 1920ko New Orleanseko kale-orkestren musikaren gisako doinuak eraman zituen Eskoriatzara. Senzala Euskadi Capoeira taldea ere kalez kale ibili zen «umeentzat, gazteentzat eta helduentzat» diren doinuak zabaltzen eta taldekideek ozen oihukatu zuten bezala baita «parte hartzeko giroa jartzen» ere.

Mundumira agertokian, bien bitartean, Romina Goshtasbi irandarrak, bost dantzari alboan zituela, dantza pertsiarraren erakustaldia eskaini zuen, herriko plaza txiki utziz.

Bazkalondoa erritmo alai eta dantzagarriekin igaro zuten bertaratutakoek, samba latindar doinuak nagusi izan baitziren Ras Miguel & Tafari eta Bloque 53 venezuelarren eskutik. Uruguaiko Candomberen txanda izan zen ondoren. Hogeita hamar danbor-jole eta dantzarik animatutako kalejiran ibili zen kultur elkartea, herriko kaleetan zehar.

Macaco, gauean

Jaialdiko izar nagusiaren eguna ere izan zen atzokoa, Macacorena hain zuzen ere. Gauerditik aurrera «Moving» abestia lehenengo single duen «Puerto Presente» bilduma berria aurkeztu zuen. Dudarik gabe, atzoko egunaren arrakastaren arrazoietako bat izan zen artistaren emanaldia. Pentsa, artisauek ere hura ikusteko postuak itxi, eta ondoren berriz zabaltzea ere pentsatua zuten goizean.

Gaurkoa izango da jaialdiaren azken eguna, baina bizitza ulertzeko modu asko ekartzen dituen munduko kulturen topagunea hurrengo urtean itzuliko da Debagoienera, bere seigarren edizioan.

Azken egunean, herriko musika taldeak plazara

Gaur emango zaio amaiera 2009ko Mundumirari eta jaialdiak bukaera biribila izan dezan goizean goizetik izango da zertaz gozatu. Eguerdian Eskoriatzako trikitixa eskolako ikasleen kalejirak alaituko ditu kaleak, Mundumira agertokian Edson kantautore brasildarra aritu bitartean. Aljeriako doinuek hartuko dute txanda ondoren, ahots sentsuala ikurtzat duen Neila Benbeyren eskutik.

Arratsaldean herriko eta inguruko taldeak igoko dira plazako oholtza gainera. Hala, Antzuolako Klak!Son eta Eskoriatzako Barua Bandak Argentinatik etorritako Deschave taldearekin batera joko dute. Hiruren arteko proiektua, besteak beste, tango eta milonga eta chacarena doinuek osatzen dute eta ikuskizunak bertaratutakoa harrituko duela nabarmendu zuten Mundumirako antolatzaileek.

Egun guztian zehar, aurreko bi egunetan bezala, artisau postuak, Munduko Zaporeen gunea eta kale animazioa ez da faltako hurrengo urtera arte agur esango dion munduko topagunean.

O. A.

UMEEN TXOKOA

Mundumirak haurrei ere kultura ezberdinen nondik norakoak azaltzeko gunea prestatu du. Atzo munduko txotxongiloen tailerra izan zuten. Gaur, berriz, musika instrumentuen inguruan lan egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo